Astarbe sagardotegiaren SagArte proiektuaren bueltan, beste erakusketa bat irekiko dute gaur zortzi, maiatzaren 18an. Ekitaldi berezia egingo dute egun horretan, horretarako; Sagardotegiaren 456. urteurrenak sorturiko testuingurua erabiliz, artea, kultura, gastronomia eta musika uztartuko dituen jaialdia izango da, hain zuzen.
Goizeko 11:00etan hasiko da jaialdia bisita gidatuarekin (izena emateko: astarbe@astarbe.eus), eta debalde izango da. Bertan izango dira, besteak beste, Udane Juaristi (Udatxo) eta Maria Altuna artistak, Nøgen musika taldea, eta DJ bat. Beste hainbat jarduera ere izango da,
Bi serie ezberdin
Eguerdiko 12:15etan irekiko dituzte Bigarren Bizitzak erakusketaren ateak. Udane Juaristi (Udatxo) eta Maria Altuna sortzaileekin elkarlanean sortutakoak da; horretarako, bi serie egin dituzte. Erakusketarekin, Astarbe sagardotegiak azaldutakoaren arabera, «garai batean landan erabiltzen ziren elementu ezberdinak berriro balorean jarri nahi dira. Objektu, kontakizun, zein istorio hauek kultura garaikidera erakarriz beste ikuspuntu bat eskaintzen diegu belaunaldi zahar zein berriei».
Ildo horretatik, «sagardoa egiteko erabili zen upel zaharkitu bat erabiliz, Udatxok sagardogintzari loturiko hiru pertsonen istorioak kontatuko dizkigun bitartean, Altunak bere bizipen pertsonaletan oinarritutako proposamena egin digu», azaldu dute.
Musika, arratsalderako
Nahiz eta egun osoan zehar DJ batek festa girotuko duen, arratsaldera arte itxaron beharko da Nøgen taldearen kontzertuaz gozatzeko. Arratsaldeko 15:00etan izango da hori, eta 17:00etan emango zaio bukaera, festari.