Maiatzaren 19an, igandearekin egingo da 9garren Ereñotzuko Mendi Lasterketa, goizeko 10:00etan hasita. Aurretik, 09:30etan, haurren lasterketa ere egingo da, auzoan barrena.
Aurten, aurrenekoz, Axeriak Mendi Lasterketa Taldeak hartu du antolatzeko ardura, baina aldaketa gutxi izango dira. Ibilbidea, azken urteetako bera izango da, 11,75 km ingurukoa, eta 830 metro inguruko desnibel positiboarekin, Aiako Harria Parke Naturalean barrena. Hainbat gain eta lepo pasaz, Añarbeko urtegia ere zenbaitetan bistan dutela, Urdaburuko tontorra izango dute punturik altuena zazpigarren kilometroaren bueltan.
Ibilbidean zehar bi puntu izango dira ura, edari isotonikoak eta fruta hartzeko:?Akolan (2,5 kilometroan) eta Malbazarren (5,5 kilometroan). Beste bat helmugan jarriko da, eta bertan, masajea jasotzeko aukera ere izango da, baita dutxatzekoa ere, Txirrita eskolan gizonezkoentzat eta frontoian emakumezkoentzat.
Sariak eta sorpresak
Lasterketako lehenengo hiru emakumezko eta gizonezkoek izango dute saria, eta baita aurreneko ereñotzuarrak ere.
Horrez gain, sorpresaren bat ere izango da, baita zozketak ere, parte-hartzaile guztien artean, eta ondoren, hamaiketakoa, frontoian.
Izenematea, irekita
Gora egiten ari da izena eman dutenen kopurua, pixkanaka, baina oraindik ere geratzen da tokirik, eta izena emateko epea irekita dago datorren ostiralera arte, maiatzaren 17ra arte, www.rockthesport.com webgunean, 10 euroan. Denera, 200 korrikalarirentzako dago tokia.
Izena ematearen truke parte-hartzaile guztiek poltsa bana jasoko dute, opariekin.
Lasterketaren inguruko xehetasun gehiago Facebooken ikusi daitezke, Ereñotzuko Mendi Lasterketa orrialdean.