Eguraldia lagun, mendian gora abiatuko dira gaur korrikalariak

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 11a, 02:00

Guztia prest dago gaur eginen den Goizutrail Mendi Lasterke­tarako. Goizeko 07:30etatik aurrera jaso ahal izanen dituzte korrikalariek dortsalak, plazan, eta 09:00etan hasiko da lasterketa.

Seigarren edizioa da aurtengoa, eta aurrenekoz, hirugarren lasterketa mota batean parte hartzeko aukera izanen da: ibilbide motza eta luzeaz gain, bikoteka erreleboka egiteko aukera dago.


Hiru ibilbide, paraje ederretan barrena

Hiru lasterketa motetan parte hartuko dutenek goizeko 09:00e­tan hasi beharko dute ko­rrika, plazan, eta denak paisaia ederretan barrena ibiliko dira, cromlech edo harrespila artean.

Ibilbide motza eginen dutenek, 10 kilometrotakoa, 615 me­­troko desnibela izanen du­te, eta gehienezko garaierara 641 metrotan iritsiko dira, Ene­ko Elorrin. Hantxe izanen dute aurreneko hornidura puntua, eta bigarrena, Goizue­tan, bu­kaeran. 

Bikoteka parte hartzen dutenen artean erreleboaren aurreneko zatia egiten dutenek  ibilbide motza eginen dute, eta Goizuetara iristean, bikoteari emanen diote erreleboa. Hauek ibilbide luzea osatzeko falta den zatia eginen dute: 15 kilometrotan 985 metroko desnibela izanen dute, eta gehienezko garaiera 1.034 metrotan, Mandoegin hartuko dute. Biorsos eta Mandoegin izanen dituzte ura eta janaria hartzeko hornidura puntuak, eta Errekalekun ura, Goizuetan bukatu aurretik.

Ibilbide luzea egiten dutenek, berriz, denera 1.636 metroko desnibela izanen dute 25 kilometrotan barrena.


200dik gora korrikalari

Internet bidezko izen-emate epea atzo iluntzean itxi zen, eta baziren 200dik gora korrikalari. Bikoteka aritzeko, adibidez, ez dago lekurik. Gainon­tze-koek, gaur bertan eman ahal izanen dute izena. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!