Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 2018ko uzta botilan dastatzeko aukera izango da maiatzaren 18an, larunbata, Uztaberri Egunean. Hernaniko Atsegindegi plazan egingo da ekitaldia 18:00etatik 21:00etara eta bertan 15 sagardotegiren sagardo berriak dastatzeko aukera izango da.
Plaza irekian egingo den Uzta Berriaren lehen aurkezpena izango da eta orain arteko dastatzeekin zenbait berezitasun izango ditu, besteak beste sagardoa kopan dastatuko dituela inguratzen denak, baina horrez gain, dastatze gidatuak ere izango direla inguratzen direnentzat. Dastatzeak dirauen denboran Mikel Garaizabal enologoa dastatze espresak ematen ariko da Atsegindegin bertan eta sagardoa dastatzeaz gain, sagardoa erosteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Horrez gain, pintxoak ere izango dira eta festa girotua egongo da.
EGITARAUA
- 18:00-21:00 Euskal Sagardoaren 2018 Uztaren aurkezpena. Honako sagardotegiekin: Akarregi (Hernani), Altzueta (Hernani), Iparragirre (Hernani), Itxasburu (Hernani), Rufino (Hernani), Alberro (Hernani), Otsua Enea (Hernani), Zelaia (Hernani), Aburuza (Aduna), Axpe (Markina-Xemein), Gurutzeta (Astigarraga), Isastegi (Tolosa), Lizeaga (Astigarraga), Zapiain (Astigarraga) eta Petritegi (Astigarraga).
- Hauek dira tabernak eta pintxoen izenak: Apeadero, Gaztagardo. Aralar, Elurra. Arri, AHA. Atxur, Txapela. Ekos, Taki-taki. Garin, Piolin. Guria, Gaztagi. Harresi, Idiazabalbardau. Joxe Mari, Trufa de Idiazabal. Kixkal, Legazpi. Otaegi, Bizar Zuri eta Tripontzi, Artzai.
Goiza profesionalei zuzendua
Uztaberri Egunean ostalaritzako profesionalei eta elkarte gastronomikoetako arduradunei zuzendutako ekintzak ere izango dira. Hain zuzen ere goizeko 11:30etan, Euskal Sagardoarekin hamaiketakoa izango dute inguratzen diren ostalari eta elkarte gastronomikoek, Mikel Garaizabalek zuzenduta. Jardunaldi honen helburua da, Euskal Sagardoak ostalaritzari eskaintzen dizkion aukera eta argudioak azaltzea eta ostalariek Euskal Sagardo desberdinak dastatu ahal izatea.
Euskal pintxo potea aste osoan zehar Hernaniko tabernetan
Uztaberri Egunaren bueltan Euskal Pintxo potea izango da aste osoan zehar Hernaniko tabernetan. Maiatzaren 13tik 17ra Euskal Sagardoa eta Idiazabal gazta duen pintxo bat eskainiko dute Hernaniko 12 tabernek. Kontsumitzaileek 2 euroan izango dute pintxo potea.