Agerraldia egin zuten atzo, Lasarte-Orian, EH Bilduren Beterri-Buruntzako sei alkategaiek: Xabier Lertxundi (Hernani), Xabier Urdangarin (Astigarraga), Ainara De Miguel (Urnieta), Andoni Alvarez (Andoain), Jon Martin (Lasarte-Oria), eta Agurtzane Solaberrieta (Usurbil).
Eta nabarmendu zuten, datorren legealdian «errealitate» izango dela, Beterri-Buruntza eskualdeko mankomunitatea: «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualde bakarra gara, batzen gaituen egitura juridiko-administratiborik ez duguna. Baina badira zortzi urte, lanean ari garela Udaletan, eskualdea batu, kohesionatu eta elkarlanean egitasmo eta jarduerak bideratzen. Legealdi honetan eman ditugu aurreneko pausoak, behingoz, mankomunitatea osatzeko, pleno guztien onarpenarekin».
Zentzu horretan, EH Bilduk «eskualdeak indartzearen eta euren arteko orekaren aldeko apustu argia» egiten duela nabarmendu zuten. Eta bide horretan, adierazi zuten argia izan dela aurreko legealdian, «EH Bilduko alkateen arteko elkarlana; besteak beste, mankomunitatea bultzatu, edota autobus zerbitzuetako murrizketak salatzeko».
«Eskualdeko herritar guztien beharrei, erantzun berdina»
EH Bilduk azaldu du, hiru herri txikik eta hiru haundik osatzen dutela eskualdea, baliabide pertsonal, azpiegitura edota zerbitzu desberdinekin... «Mankomunitateak, gure eskualdeko herritar guztien beharrei, berdin erantzungo dieten baliabideak eskainiko dizkie. Gure sei herrietako biztanleak, maila bereko herritarrak izatea dugu helburu, herritarrak baitira gure politiken erdigune».
EH Bilduk uste du, mankomunitatea «aukera paregabea» dela, Lanbideren enplegu planak herrietara ekartzeko, edo Aldundiak bideratzen dituen egitasmoak edota laguntzak jasotzeko; «azken finean, gure herrietako biztanleak, Gipuzkoako beste eskualdeetakoen pare bizi, eta zerbitzu eta aukera berdinak izateko».
Herritarren «bizi-kalitatea hobetzea» helburu, tokian tokiko baliabideak baliatu nahi ditu EH Bilduk, herritarren beharrei erantzuteko. Eta horretarako, behar haundienak dituzten kolektiboen parte hartzea bilatuko du, «beren bizitzak baldintzatzen eta antolatzen dituzten politiken diseinuan», aurreratu du.