Bukatu dute denboraldia, Hernani Eskubaloi Taldeko helduenek. Mutil jubenilek beste porrota bat jaso zuten asteburuan, eta berriro ere gol bakarreko aldearekin: Zarautz nagusitu zitzaien, Hernaniko kiroldegian (37-38), Udaberri Torneoko azkeneko partiduan. Horrela, azkenaurreko postuan bukatu du Hernanik.
Maila berria zuten hernaniarrek; estreinako aldia jubeniletan. Eta aurrenekoak, balio izan die ikusteko, «zein garesti dagoen garaipena. Gola erraz egin dugun bezala, jaso ere bai. Hainbat partidu, kontrarioek irabazi baino, guk galdu ditugu», diote klubetik.
Mutil infantilenak, garaipen bakarrak asteburuan
Mutil infantilen eskutik iritsi ziren, asteburuko garaipen bakarrak Hernanirentzat. Maila ederrean jarraitzen du taldeetako batek, B Fase Finaleko aurreneko multzoan; eta 27-28 irabazi zion asteburuan, Saieko taldeari. Hori horrela, bigarren postuan jarraitzen du.
Irabazi egin zuen, baita ere, fase bereko bigarren multzoan dagoen taldeak, Eibarren kontra (28-26). Sailkapeneko erdi parean jarraitzen dute hernaniarrek, laugarren.
Ezin izan zuten garaipenik lortu, konpromiso zailetan, beste hiru taldeek. Neska infantilek 24-11 galdu zuten, maila haundiko talde baten aurrean; Zumaiako Pulporen kantxan. Neska kadeteek, berriz, Laudio liderraren kantxan jokatu zuten, oso partidu zaila; eta 30-16 nagusitu ziren etxekoak. Eta mutil kadeteek ere, partidu zaila zeukaten, Donibaneren kontra; 16-31 galdu zuten, azkenean.