Fernando Vera Moreno: «Ezintasunari zuzenean begiratzen zaio, baina horizontalean»

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 7a, 02:00

Koxka elkarteak gonbidatuta, Her­nanin izango dira bihar, Telmo Irureta eta Fer­nan­do Vera. Ro­barte una noche film laburreko protagonistetako bat da Irureta, Miren Ibargure­ne­kin batean, eta filmeko zuzendaria da Vera. Garun paralisia daukan aktorea da Irureta, eta istorio honetan ere ezaugarri hori azaleratuko da.

Leo eta Anaren artean ezustean sortzen den harremanaren berri ematen da, hain zuzen, Robarte una noche laburrean, eta zu­zen­dariak berak aipatutakoaren araberan, «besteen gainetik edo azpitik jartzera bultza­tzen gaituen horri ihes» egiteko modua azaleratuko da.  

Biterin ikusi ahal izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta solasaldia izango da segidan beraiekin. Kaxko elkarteak jakinarazi duenez, solasaldia elebietan eta zeinu hizkuntzan egingo da, eta aldi bereko itzulpen zerbitzua izango da.


Lapurreta baten bitartez egiten dute topo istorioko protagonistek, baina haien artean sortzen den harremana berezia da. Zergatik?

Bien arteko harremana berezia da, hasteko, bai batak eta baita besteak ere, bestearengandik zerbait behar dutelako, baina, batez ere, ez dutelako bestea epaitzen. Anak behar duena da norbaitek entzun dezan. Sus­morik ez du Leok zer eskatuko dion trukean.

«Batzuetan, inork eskatzen ez dizkigun betebeharrak jartzen dizkiogu gure buruari»

Zer aukeratu zenuen lehendabizi; gaia, ala aktoreak?

Miren Ibarguren eta Telmo Iru­retarekin egin dut lan beste film labur batzuetan, zuzendaritza taldeko kide izan direnetan, eta biekin maitemindu nintzen. Aktore zoragarriak dira, eta bi pertsona oso dibertigarri. Istorio hau beraientzat idatzi nuen.


?Ahulagoa? den horrekiko harremanetan, baldintzatuta sentitzen gara?

Orokorrean, gure heziketaren on­dorioz besteen aurrean amo­re ematera ohituta gaude, besteak epaitzera ohituta, alderaketak egitera... Honek guztiak baldintzatzen gaitu, besteen gai­ne­tik edo azpitik jartzera bul­tza­tzen gaitu. Horri guztiari ihes egin nahi nion film labur hau idatzi nuenean, kritikatu. Uste dut sentimendu horiek ez gara­ma­tzatela inora, eta per­tsona­ren­gandik urruntzen  gaituztela.


Ez ote da norberak daukan konplexua, benetan baldintzatzen gaituen hori?

Ez dakit konplexua den. Za­lan­tzarik gabe, denok saiatzen  ga­ra gauzak ezkutatzen. Xelebrea da; ezkutuan gordetzen saia­tzen garen horiek argitara ateratzen ditugunean, utzi egiten diote ez­kutuan genituenean gure kon­tzientzian zeukaten pisua edukitzeari. Batzuetan, inork eska­tzen ez dizkigun betebeharrak jartzen dizkiogu gure buruari, eta behar ez ditugun ?bastoietan? bilatzen dugu babesa. Horri bu­ruz ari da Robarte una noche.


Nork bere mugak non dituen onartzen ere jakin behar izaten dela esaten da. Beti?

Mugak izatea gizakiaren ezaugarria da, ezin dugu dena egin. Hasieratik mugatzen gaitu gure gorputzak. Baina ulertu behar da, baita ere, muga horiek hainbat maila dauzkatela. Nik ezin dut maratoi bat egin, baina horrek ez nau mugatzen ariketa egiteko.


Proiekzioaren ondoren solasaldia izango da. Erantzunak ikusi ondoren, zein esango zenuke harritzen dela gehiago; publikoa ala zuek?

Neretzako Robarte una noche es­perientzia zoragarria da, tal­de­an sortu zen klimagatik, pu­bli­ko­ak egiten dion harrera ona­gatik... Jaialdi askotan mu­gi­tzen ari gara, eta film laburra ikusten duen jendearen iritziak ja­sotzea oso polita da. Asko gustatzen ari zait nola ari den jen­de­arekin konektatzen, ulertzea non­dik idatzita dagoen. Gai go­go­rra da, baina badago umorea ere, eta ezintasunari zuzenean be­giratzen zaio, baina horizontalean.

Sari bat baino gehiago jaso duzue dagoeneko. Bada baten bat, besteak baino bereziagoa?

Hamabost saritik gora jaso di­tugu aurten. Nik badaramakit denbora bat film laburrak egiten, eta ez dago formularik. Jaialdi bakoitzean ehundaka lan jasotzen dira, lan oso onak. Jaialdi batek zure lana aukera­tzea lorpen haundia da, bere horretan, eta epaimahai batek saritzea, are gehiago. Ilusio haundia egin zidan aurrenekoak, Telmo eta Mirenen interpretazioa saritzen zuenak.


Zein ibilbide izango du ?Robarte una noche? film labur honek aurrerantzean?

Robarte una noche jaialdi gehiagotan izango da. Datozen egunetan ikusi ahal izango da Valentzian, Leonen, Galician edota nazioarteko bestelako jaialdietan; Zipren, adibidez. Niretzako garrantzitsuena da jende askorengana iristea. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!