Amaia Irazustabarrenak eta Maider Mendizabal anoetarrak Gipuzkoari eman diote garaipena, GRABNI torneoan. Ezker hormako finalean, 30-9 gainditu zuten Araba, Biriatun. Erraz menderatu zuten bikote arabarra, gipuzkoarrek.
Biak aritu dira elkarrekin ligaxkan, baina finalerako deitu zuten Huizi hernaniarra ere, hautatzaileek. Azkenean, ordea, ligaxkako bikote berberak jokatu eta irabazi zuen finala.
Hernaniko bi bikote Eskolarteko finalean
Hernaniko bi bikoteak jokatuko dute aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko pala finala infantil mailan. Hamar urte igaro behar izan dute berriz ere bi bikote hernaniar finalean ikusteko.
Finalerdiak Hernanin jokatu ziren, kiroldegiko frontoian, eta garaipen erosoak lortu zituzten hernaniarrek. Lehenengo finalerdian, 25-15 garaitu zuen Asteasu, Hernani 4 izeneko taldeak; Maddi Iriondo, Joana Tolaretxipi eta Alaitz Barrenetxeak osatutakoak.
Oraindik ere erosoagoa izan zen bigarren finalerdia. Hernani 2 taldeak, Zumaia 2 zuen kontrario, eta hernaniarrek hamar tantotan utzi zituzten zumaiarrak. Hernani 2 taldea, Naia Barrenetxea, Enara Macicior eta Ane Kerejetak osatzen dute. Orain, bi talde hernaniarrek jokatuko dute finala.