Petritegik, Segurola eta Endikarekin, Sagardoaren Txapelketa irabazi zuten finalean Ezkurra II eta Garces, 40-31, garaitu ondoren. Gurutzeta ordezkatzen duen bikoteak ez zuen aukerarik izan eta Segurola eta Endikak txapelketako partidu guztiak, zazpi guztira, irabazi ditu.
Segurola eta Endika jaun eta jabe izan dira otsailean hasi zen txapelketan eta merezimendu osoz lortu dituzte txapelak. Finalean ere nagusi izan ziren hasieratik amaiera arte. Honela, orain hiru urte lortutako txapela errepikatu dute gipuzkoar eta nafarrak.
Partidua hotz hasi zuen Ezkurrak eta horren ondorioz 15-5eko partzialarekin gorriek hamar tantoko abantaila lortu zuten. Berotu zen Doneztebeko aurrelaria eta horrek desabantaila murriztea ekarri zuen. Bost tantora, 20-15, hurbildu ziren urdinak. Hala ere, Segurola eta Endikak ez zuten arriskuan ikusi finala eta berriz ere abantaila igotzea lortu zuen. Zortzi tanto inguruko abantailak lortu zituzten berriz eta hamarrera ere iritsi ziren 38-28. Azkenean ez zuten partidua amaitzeko arazorik izan, 40-31.
Partiduaren gakoa Endikaren nagusitasuna izan zen. Saldiasko atzelaria, hasi eta buka, bikain egon zen. Ez zuen ahul gunerik erakutsi eta Garcesen urduritasunaz baliatu zen 20 tantorekin amaitzeko, lau sakez. Zenbaki izugarri onak atzelari izateko. Aurrean sendo lagundu zion Segurolak. Urdinetan Ezkurrak eutsi zion finalari 21 tantorekin eta Garcesek berriz, asko sufritu zuen eta ez zen inoiz gustora ibili kantxan.