GAURTIK eta ekainaren 30era bitarte, Hernaniko udaleko Berdintasun sailak eta Berdintasun Kontseiluak, Tratu Onen aldeko kanpaina martxan jarri dute.
Kanpaina hau Hernani, Tratu Onen Herri ekimenetik abiatzen da; ekimen bat zeinak herriko pertsona eta eragile sozialen artean ematen diren tratu onen praktikak identifikatu eta balioan jarri nahi dituen; sarea bultzatuz eta Hernani pausoz-pauso Tratu Onen Kulturan murgilduz.
Hernaniko eragile batzuk jada Tratu Onen aldeko konpromisoak hartzen hasi dira. Horregatik, herritar hauek Tratu Onen alde egiten duten lana aitortzeko eta ikusgarritasuna emateko asmoz, Tratu Onen Mapa sortu zuten iaz, Biteri Kultur Etxeko sarreran kokatua dagoena.
Inkesta modu digitalean edo paper formatuan bete daiteke
Orain, herritar eta eragile gehiagok parte-hartzea nahi dute, ziur daudelako Hernaniko egunerokoan tratu onak oso presente daudela.
Horretarako, herritarren ekarpenak eta konpromiso txikiak biltzeko inkesta bat prestatu dute.
Bi modu egongo dira inkesta hau betetzeko: Digitalean labur.eus/inkestaTOherria edo labur.eus/encuestaTOherria guneetan eta paper formatuan ondorengo tokietan: Biteri Kultur Etxea, Sandiusterri, Iturola Elkarlan Sorgunea, Gaztelekua, AMHER elkartea eta Urumea HerriGunea.