2018ko aurrekontuaren likidazioa egin da eta 3.733.000 euroko gerakina gelditzen da erabiltzeko. Aurreikusitakoak baino diru-sarrera gehiago izan ditu Udalak (foru funtsa, urbanizazio ezohiko jarduerak...) eta gastuak ere txikiagoak (energiaren aurrezpena eta exekutatu gabeko partida batzuk).
Hernaniko auzo batzuetako urbanizazio planei bultzada bat emateko eta saneamendu eta kanalizazio lan batzuk egiteko bideratuko du Udal Gobernuak diru kopuru hori. Batzuk proiektu haundiak direnez, bi urtetan egitea proposatzen du.
Santa Barbarako harrobia (1,6 milio euro), Latsunbe-Sorgintxulo urbanizazioa (Errekatxoaren eta ubideen egoera aztertu eta bideratu. Auzo hori eta erdigunea lotzeko bidegorria egin, 500 mila euro), Lizeaga auzoaren urbanizazioa (300 mila euro) eta Florida kaleko saneamendua (Egun adar bakarrekoa den kanalizazioa bikoa egingo dute, 800 mila euro) dira inbertsio haundiena eskatzen dutenak.
Landare poligonorako bidea, saneamendu tankea (Akarregi); Iturmendiko udal etxebizitzak alokairu sozialera bideratzeko egokitu (Lizitazioa hutsik gelditu zen eta aurten berriro lizitatuko da); Portu eta Elizatxo auzoetako Mugikortasun Plana osorik exekutatzea; Kiroldegiaren lehen pista egokitzea, kirol ekintzez gain, musika kontzertuak eta bestelako ekintzak ere hartu ahal izateko; Kiroldegiko frontoiaren hormaren margoketa; Ibilgailu elektrikoa erostea eta kulturarteko Plaza Feminista egoitzerako mobiliarioa erostea dira gerakinetik inbertsietarako dirua jasoko duten beste proiektuak.