Katihotsak elkarte hernaniarrak ekoitzita, gaur aurrestreinatuko du Beñat Iturrioz zuzendariak Napardeath pelikula, Ataun Of The Dead triologiaren azkenekoa. Gaur ikusi ahal izango dute hernaniarrek aurrenekoz, Biterin.
Horretarako, bi saio eskainiko dituzte: aurrenekoa, 19:00etan; eta bigarrena, 20:30etan. Sarrera debalde izango da, nahiz eta gonbidapena behar izango den. Biterin bertan jaso zitezkeen asteartetik.
Festa haundia, gaurkoa
Partehartzaile guztiak izango dira gaurko aurrestreinaldian, eta ondoren, haiekin ospatzeko gonbitea egin dute, Kontrakantxa gaztetxean egingo duten Napardeath Festan. Haiekin batera izango dira The Indezents eta Wolfram Muñagorri musika jartzaileak.
150 lagunetik gora
Aurreko ataletan Zumalakarregi zonbia banpiroen aurka borrokan ibili ondoren, azkeneko atal honetan, Antso Azkarraren momia ejerzituaren aurka borrokan ikusi ahal izango da. Eta hori irudikatzeko, milaka pertsonai historiko, izaki, pizti eta munstro, baita ere.
150 lagunetik gora hartu du parte grabazioan, horietatik gehienak hernaniarrak; eta zazpi hilabetetan grabatu dute Euskal Herriko ibai, desertu, gaztelu eta glaziarretan.
Estreinaldi mundiala, bihar
Nahiz eta gaurkoa aurrestreinaldia berezia izango den, bihar egingo dute estreinaldi mundiala, Donostian. Antzoki Zaharrean izango da saioa 19:00etan, Beldur Zinema Astearen barruan. Sarreak dagoeneko salgai daude.