Seigarren edizioa izango du aurten, Bapo Kantari kantu afariak. Datorren ostiralean izango da, maiatzaren 10ean, arratsaldeko 20:00etan Petritegi sagardotegian. Urtero bezala, antolatu du Norberto Almandoz Musika Eskolako eta Herri Eskolako irakasle eta guraso talde batek, Petritegiren laguntzaz. Eta kantu afarian parte hartuko dute, denekin batera, Aitor Mendiluze eta Haritz Mujika bertsolariek ere.
Bapo afaldu eta bertsotan eta kantuan aritzeko hitzordua da Bapo Kantari, eta txartelak, dagoeneko salgai daude: Petritegi sagardotegian bertan, Petrikafen, edota 943 45 71 88 telefonora deituta. 36 euro dira.
Afaria zein izango den ere, jakinarazi dute: sagardotegiko menua, arraina eta kafearekin. «Aurreko urteotan bezala, ederki afaldu eta kantuan ariko gara, eztarria urratu arte», aurreratu dute antolatzaileek.