Maiatzeko larunbat guztietarako, zita jarri dute Astigarragan, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. Izan ere, lau ornitologia ibilaldi antolatu dituzte, Astigarraga inguruko hegaztiak ezagutzeko.
Gaur bertan egingo dute aurrenekoa, eta Ergobiako zubian jarri dute hitzordua, goizeko 09:00etan. Bertatik abiatuko dute bi orduko ibilaldia.
Parte hartzea doakoa da, eta ez da aurrez izena eman behar. Bertara azaltzea, nahikoa izango da. Hortaz, hurbiltzera animatu dituzte herritar guztiak.
Edukiz gero, prismatikoak eramateko gonbitea
Adin guztietako partehartzaileei zuzendutako ibilaldia izango da, baina haurrek heldu batekin joan beharko dute, hori bai. Ibilaldian zehar, deskubritu ahal izango dituzte herrian bertan bizi diren hegaztiak, haien izenak ezagutu, eta baita ohiturak ere. Gainera, prismatikoak dauzkatenei, eramateko gonbitea luzatu diete.
Lau ibilaldietan, gaztelaniaz emango dituzte azalpenak; eta zenbaitetan, euskeraz ere bai.
Beste hiru zita, maiatzaren 11, 18 eta 25ean
Datorren larunbatean, maiatzaren 11n ere, Ergobiako zubitik abiatuko dute ibilaldia; eta hilaren 18an eta 25ean, Santiomendiko ermitaren aparkalekuan jarri dute zita. 09:00etan hasiko dira denak, eta bi orduko iraupena izango dute. Horietarako ere, nahikoa izango da bertara azaltzea.