LIGA bukatuta, azken fasean sartu dira, Hernaniko kadete eta infantilen taldeak. Eta asteburu honetan jokatuko dituzte semifinalak hernaniarrek, finalera sailkatzeko.
Infantilen bi semifinalak, Landaren jokatuko dira gaur, goizeko 10:30etan hasita. Bietako aurrenekoan ariko da Hernani, Zarautz Beltzak taldearen kontra. Eta segidan, 11:20etan, Ordiziak eta Uni Bilbaok jokatuko dute, finaleko bigarren txartelaren bila. Gaur eguerdian bertan izango dira, finalak ere: aurrena, 12:25etan, 3garren eta 4garren posturako lehia; eta ondoren, 13:15etan, finala.
Kadeteen kasuan, berriz, bihar jokatuko du Hernanik, eguerdiko 12:00etan, Anoetan. Bera Bera izango du aurrean. Beste semifinala, gaur jokatuko dute Altamiran, Goierrik eta Zarautz Beltzakek, 12:00etan. Bi irabazleek, datorren asteburuan jokatuko dute finala, eta bi galtzaileek, 3garren eta 4garren posturako lehia.
Mikel Perez eta Igor Genua, denboraldiko onenen artean
Ohorezko Mailako taldeak, berriz, orain aste batzuk bukatu zuen liga, jaitsierako play off postuak ere saihestuta. Baina orain, aditzera eman du Espainiako Federazioak, denboraldi honetako 15eko ideala.
Talde ideal horretan daude Hernaniko bi jokalari: Mikel Perez eta Igor Genua. Zehazki, ligako bigarren baloratuena izan da Perez (29 puntu), soilik Brad Linklaterren atzetik (30).