2018ko Udal Aurrekontuaren likidazio txostena aurkeztu du udal kontuhartzaileak, eta txostena ikusita, EH Bilduk nabarmendu du «EAJren kudeaketa gaitasun ezaren beste adibide bat» dela. Izan ere, azaldu duenez, «iazko txostenak alarma guztiak piztu bazituen, aurten egoerak okerrera egin duela azpimarratu du kontuhartzaileak txostenean».
Zentzu horretan, EH Bilduk nabarmendu du, inbertsioen kapitulua izan ohi dela, Udal Gobernu baten «ekimenaren irudi». Horren inguruan, kritiko azaldu da, oraingoarekin: «2017an inbertsioen %38 gauzatu zuen EAJk, 883.000 euro. Eta okerrago egin ezin zitekeela uste zenean, 2018an EAJ ez da gai izan inbertsioen %19a gainditzeko, eta iaz baino 12.000 euro gutxiago bideratu ditu inbertsioetara. Eskura zituen 4.604.000 euroetatik, soil-soilik 871.000 euro bideratzeko gai izan da», adierazi du.
«Herriarentzat estrategikoak diren hainbat proiektuk, gauzatu gabe jarraitzen dute»
Hori horrela, alderdiak nabarmendu du, «lehenengo bi urteetan, EH Bilduk utzitako errentei esker» egin ahal izan zuela aurrera EAJk; «baina horiek agortuta, EAJren gaitasun eza leherrarazi da», dio.
«Gainera, kontutan hartu behar da, 2018an inbertsioen gauzatzea hobeto bideratzeko, EAJk aholkulari bat kontratatu zuela adjudikazio zuzenez. Baina datuak ikusita, argi geratu da arazoa ez dagoela teknikari edo pertsonal faltan; arazoa EAJ eta bere Udal Gobernua dira», azaldu du EH Bilduk.
«Lau urteetan noraezean aritu da EAJ. Proiekturik ez dauka herriarentzat, eta ez du gaitasunik lehentasunak zehazteko»
Alderdiak dio, EAJren «ezintasun eta arduragabekeriagatik», gauzatu gabe jarraitzen dutela «herriarentzat estrategikoak diren hainbat proiektuk, gauzatuta edo martxan beharko luketenak; hala nola, eskolako jangelaren haunditzea, Arrobitxuloko igogailua, uholdeen aurkako neurriak, haur eskola berria, DBHren hiritartzea, Anuska eta Santiomendiko auzoen eta Ergobiako plazaren hiritartzea, Bidebitarteko asfaltatzea, Zarkumendegiko aldagelen eraberritzea...».
Eta gaineratu du: «lau urteetan noraezean aritu da EAJ. Ez dauka herriarentzat proiekturik, ez da gai lehentasunak zehazteko, eta anabasa horretan galdurik, Udala erabateko paralisira kondenatu du. Norabidea zuzentzeko aukera asko izan ditu, baina ez da gai izan, eta 2019ari ere, bide beretik ekin dio», adierazu du EH Bilduk.
Horregatik, uste du «EAJren aukerak agortu» egin direla, eta aldaketa «inoiz baino beharrezkoagoa dela».