Bi palista hernaniar izango dira asteburu honetan, GRABNI txapelketako finaletan. Izan ere, Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena deitu ditu Gipuzkoak, ezker hormako finala jokatzeko, neska absolutuen mailan.
Gaur bertan izango da hori, Lapurdiko Biriatu herrian, goizeko 10:00etan hasita. Hirugarren partidua da beraiena, eta aurrean, Araba izango dute.
Hernaniko bi talde ariko dira Eskolarteko semifinaletan, gaur, kiroldegiko frontoian.
Txapelketako ligaxka ere jokatu du Amaia Irazustabarrenak, Maider Mendizabal anoetarrarekin; eta bi partiduak irabazi dituzte: Bizkaiari 30-19, eta Arabari 30-12. Hortaz, irabazteko faborito dira gipuzkoarrak, gaurko finalean. Maider Huizi, berriz, trinketean aritu da orain arte, Ariane Arrietarekin, baina finaletik kanpo geratu dira; eta hori horrela, ezker hormako finalerako deitu dute Huizi.
Eskolarteko Txapelketaren semifinalak, Hernanin gaur
Palista infantilek, berriz, Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketarekin daukate zita garrantzitsua, gaur. Semifinalak jokatuko dituzte, Hernaniko bi taldek, eta etxean ariko dira; kiroldegiko frontoian, 12:00etan hasita.
Aurreneko semifinala, jokatuko dute Maddi Iriondok, Joana Tolaretxipik eta Alaitz Barrenetxeak, Asteasu 1 taldearen kontra. Eta bigarrenean, ariko dira Enara Macicior, Ane Kerejeta eta Naia Barrenetxea, Zumaia 2 taldearen aurrean. Barrenetxeak ezingo du jokatu, hala ere, min hartuta dagoelako.
Hernaniko bi taldeek, partidu guztiak irabazi zituzten ligaxkako fasean, eta beraz, aurreneko postuan sailkatu ziren semifinaletara. Hori horrela, aukera asko dauzkate biek, final haundira sailkatzeko.