Udalak berriro ere martxan jarriko du Udakolore Balkoi Lehiaketa. Uztailaren 13an ibiliko dira epaileak herrian zehar, balkoi apainena zein den erabakitzeko lanean. Ordura arte, beraz, badago tartea, balkoi eta leihoak txukuntzeko.
Lore saltzailea herrian, asteazkenean
Aurten bigarrenez antolatu den lehiaketa honen helburua da, «herritarren parte hartzeari esker, herriaren itxura hobetzea, goizuetarrek eta turistek ingurune atsegin eta ederraz goza dezaten», Udalak azaldutakoaren arabera. Horretan, zalantzarik gabe, asko laguntzen du balkoi eta leihoak loreekin apaintzeak, eta beraz, datorren asteazkenean, hilak 8, lore saltzailea herrian izanen da.
Gainontzean, norberak nahi bezala apaindu dezake etxea. Baina epaileek gauza jakin batzuk izanen dituzte kontuan: etxearen aurrealdearen zainketa eta itxura osoa, balkoi eta leihoen edertasuna, apainketaren originaltasuna, loreen konposizioa eta bestelako elementu osagarriak.
Izena eman beharrik ez, parte hartzeko
Lehiaketan parte hartzeko ez da inon izena eman behar, eta edonork hartu dezake parte. Nahikoa da balkoia txukuntzeko lana hartzea.
Uztailaren 13an herrian zehar ibiliko diren epaileek izendatuko dute irabazlea nor den, eta hark herriko komertzioetan gastatzeko 150 euro irabaziko ditu. Irabazlearen izena egunean bertan jakinaraziko da www.goizueta.eus webgunean, eta bonoa gastatzeko 3 hilabeteko epea izanen du.