«A ze hauteskunde garaia! Ez gara hauteskunde orokorretatik irten eta orain udal eta europear hauteskundeetan murgilduko gara», dio Hernaniko PSE-EEk, bere azken prentsa oharrean. Alderdi sozialistak balorazio orokorra egin du, eman diren emaitzen inguruan eta datozen hauteskundeetarako. «Denon artean, eskuin atzerakoia gelditu dugu, eta oposiziora bidali ditugu. Horrek politika aurrerakoi eta sozialekin jarraitzea suposatzen du». Ricardo Crespo bozeramaileak, alderdiaren boto emaileak eskertu nahi izan ditu. «Gugan konfiantza jarri duten 1.796 hernaniarrei, eskerrak eman nahi dizkiet. 725 boto berreskuratu ditugu. %67,69ko igoerarekin, gehien hazi den alderdia izan gara».
Baina datorrenari begira jarri dira sozialistak. «Maiatzaren 26ko hauteskundeak dira, zuzenean gehien eragiten digutenak. Bertan erabakiko da adibidez zein kale asfaltzen den edo zein ez, dirua nola banatu herriko talde desberdinen artean, aparkalekuen arazoari konponbidea jartzeko zer egingo dugun edo berdin jarraituko dugun, zerbitzu publikoetan gastua igoko den, industrialdeen aukerak aprobetxatuko ditugun...».
Hernaniko hauteslekuak berrantolatu behar direla ere eskatzen du, «bestela arazoarekin jarraituko dugu. Batzuetan zaila da, baina arazoak eta ilara luzeak sortu dira bozkalekuetan, eta haurreskolakoa kaosa da. Alkateari antolatzeko eskatu genion, baina ez zigun kasurik egin».
Sozialisten bozeramailearen ustez, pasa den igandeko hauteskundeak erakutsi dute partehartzea altua izan daitekeela. «Ea gai garen partehartze hori mantentzeko. Berdin da nori ematen zaion bozka, baina ez baduzu bozkatzen besteek egingo dute politika zure ordez, eta zure ordez erabakiko dute», adierazi du.