Astigarragan ikusi daitezkeen hegazti motak zeintzuk diren jakin nahi duenari, aukera ezin hobea eskaini diote, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. Lau ibilaldi ornitologiko antolatu dituzte maiatzerako, Astigarragan.
Lehenengoa etzi izango da, larunbatean, Ergobiako zubitik abiatuta, 09:00etatik 11:00etara. Hegaztien izenak eta bere ohiturak ezagutzeko aukera izango da bertan. Ez da izena eman behar, eta nahikoa da bertara azaltzea. Adin guztietako herritarrei dago zuzenduta, baina haurrek heldu batekin joan behar dute. Gainera, edukiz gero, prismatikoak eramatea gomendatu dute, hegaztiak ikusteko.
Ez da Ergobiako zubitik abiatuko den ibilaldi bakarra, maiatzaren 11n bertan jarri baitute bigarrenerako hitzordua, ordu berean.
Santiomendin, maiatzaren 18an eta 25ean
Hileko lehendabiziko bi larunbatetan ezin duenak, izango du aukera hurrengo bi larunbatetan ere. Maiatzaren 18an eta 25ean, Santiomendiko ermitaren aparkalekuan bilduko dira, 09:00etan, hegaztiak ezagutu eta ikuskatzeko.