Hernanin azken urteetan eztabaidagai izan da animalien erabilpena jaietan, eta badira urte batzuk sokamuturraren inguruan jarrera desberdinak azaldu direla. Honela, eztabaida herrira zabaltzeko asmotan, mahai ingurua antolatu da datorren maiatzaren 9an, osteguna, 19:00etan Biteriko areto nagusian. Jon Odriozola moderatzaile lanetan jarrita, Askekintza eta Sokamuturra Bai taldeak ariko dira, euren iritziak eta ikuspuntuak azaltzen. Aurrez adostutako galderak erantzungo dituzte, eta saioaren hasieran, bi taldeek prestatutako bi bideo laburrak bistaratuko dira: Gurean eta Toro en la piel.
Mahai inguruaren bukaeran, herritarrek egindako galdera eta zalantzak erantzuteko tartea izango da.
Adostasunera iristea, nahia
Bi taldeek hartu zuten parte, asteartean egin zen aurkezpenean, eta euren ikuspuntuak azaldu zituzten. Sokamuturra Baiko kideak idatzi bat irakurri zuen, non azaltzen duten sokamuturra eta, honekin batera, jaietan dauden animalien erabilera ezberdinak defendatzeko sortu dela taldea. «Ez gara sokamuturra mantentzearekin konformatuko, indartu eta hiru egunak berreskuratzea da helburua».
Askekintzakoek ere hartu zuten hitza. «Antiespezistak gara, eta animalien erabilpenaren aurka gaude. Animalien erabilpena jaietan kentzeko lanean jarraituko dugu».
Hori bai, bi taldeak adostasunera iristeko hainbat bileretan ari dira parte hartzen Jai Batzordearen barruan, eta bien arteko errespetua eta hitz egiteko nahia agerian geratu zen aurkezpenean.
Jai Batzordetik, 2019rako proposamena, ekainak 25 eta 26an sokamuturra mantentzea da, eta horrekin batera, ordezko jarduerak antolatzea, 26an eta 27an.