Helpbidearen inguruan bilerak eginen dira Goizuetan eta Aranon

Kronika - Erredakzioa 2019ko mai. 1a, 02:00

HELPBIDEAREN berri zuzenean jakiteko bilera eginen da Aranoko eta Goizuetako Uda­letxeetan bihar. Aranon 17:30­etan eta Goizuetan 19:30etan eginen dira. Baserritar edo etxebizitza sakabanuetako jabe edo bizilagunak etortzea komenigarria da guztiz.

Zer da Helpbidea? Larrialdi baten aurrean larrialdi zerbi­tzuei irisgarritasuna errazteko sistema da. 

Nafarroako Gobernua (Su­hiltzaileak, Osasun Saila, Fo­ruzaingoa, Babes Zibila eta In­formatika) eta Tracasa enpresa publikoarekin elkarlanean aritu dira sakabanatutako etxebizitza hauek lokalizatzeko modu egoki baten bila. Ho­rrela ondorioztatu dute, arazo honi aurre egiteko modurik onena, etxebizitza bakoitzarentzat Helpbidea izeneko identifikatzaile bat erabiltzea dela, hau da, zonaldeko edozein eraikuntzari nolabaiteko NAN zenbaki bat egokitzea. Helpbidea identifikatzailea ez da denboran zehar aldatuko, eta larrialdi zerbitzuek ezagutzen dute.


Baserri eta etxe urrundu bakoitzean plaka identifikatzailea

Goizeta eta Aranoko Udalek, identifikatzaile hauek lortu eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, plaka batzuk egin dituzte beren herrietako baserri eta etxebizitza sakabanatuetan jartzeko. Etxebizitza bakoitzean, bere identifika­tzailea eramango duen plaka jarri beharko da, hortaz, Udalak ezarriko duen irizpidea jarraituz, beti ere leku ageriko batean, larrialdi zerbitzuek hauek ikusi ahal izango dituzten eran.


112 zenbakira deitu eta kodea jakinarazi

Herritarrek, 112ra deitzearekin, kode hau jakinarazteko ohi­tura hartu beharko dute hemendik aurrera, euren la­rrial­dia jakinarazterakoan. Kode hau gertukoei ere jakinaraztea gomendatzen da, larrialdia sufritzen ari den horren ordez, 112ra ingurukoek deitu beharko balute ere.


Larrialdi zerbitzuek izan duten hutsunea arintzeko

Honekin orain arte baserri sakabanatuak aurkitzeko la­rrialdi zerbitzuek izandako hutsuneak edo ezinak arintzea da bilatzen den onura. «Ea hala den eta ea denok erabil­tzera ohitzen garen gure helpbidea kodea» diote Udaletako arduradunek. 

«Leku zoragarriak dira bizitzeko, baina, paisai horren barruan, gure baserriak mendietan modu sakabanatuan egoteak baditu eragozpenak ere, larrialdi egoeretan esaterako». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!