Oso pozik azaldu da Hernani Eskubaloi Taldea, Aste Santuan bizitako esperientziarekin. Lau egunez, apirilaren 18tik 21era, Basauri Bizkaia Handball Cup topaketan hartu zuten parte, klubeko sei taldek: infantiletan, nesken talde bat eta mutilen bi talde; kadeteetan neska eta mutilen talde bana; eta mutil jubenilen taldea.
Lau egunetan, 30 partidu jokatu zituzten hernaniarrek; eta aurkarien maila «altu xamarra» izan arren, «partidu interesgarriak eta lehiatuak» izan ziren, klubak azaldu duenez. Bereziki nabarmendu dute, mutil infantilen talde batek egindako «txapelketa bikaina, emaitzak gutxienekoa badira ere».
Hori horrela, klubak jokalari guztiak zoriondu nahi izan ditu: «erakutsi duten jarrerarekin eta pistan jarri duten gogo eta grinarekin, Hernani Eskubaloi Taldearen izena merezi duen lekuan utzi dute».
Gainera, partiduak jokatu bakarrik ez, bestelako jarduerak ere egin zituzten hernaniarrek: Bilbora bisita gidatua, igerilekura irteera, eta pijama festa azkeneko egunean. «Oso esperientzia aberasgarria izan da, zaletasuna sortzeko balio duena; leku desberdinetako neska-mutilen kirol eta bizikidetza topaketa batean, eskubaloiaz gozatzearekin batera lagun berriak egiteko aukera paregabea».
Azkenik, aipamen berezia egin nahi izan diete, klubeko entrenatzaile eta monitoreei, «egin zuten lan bolondresagatik. Ezinezkoa litzateke hori guztia aurrera eramatea, haien ardura, konpromiso eta laguntzarik gabe».