Araba aldera jo dute, joan den asteburuan, Urumea bailarako txirrindulari gehienek. Arespalditzan aritu ziren kadeteak, San Prudentzio Sarian, eta taldekako garaipena lortuta bueltatu ziren Unax Urretabizkaia, Aner Zilbeti eta Ekhi Muñoz hernaniarrak, Donosti Berrirekin. 17garren izan zen Urretabizkaia, eta 22garren Zilbeti, taldeko bigarrena eta hirugarrena. Hortaz, taldekako garaipenean protagonista izan ziren biak. 68garren helmugaratu zen Muñoz.
Araba aldean aritu ziren juniorrak ere, Amurrioko Sarian. Proba oso azkarrean, eguneko ihesaldian aritu zen Jaime Romero astigartarra, eta baita mendiko puntu batzuk hartu ere. Baina tropelak kontrolpean izan zuen lasterketa beti, eta azkenean, 53 laguneko taldeak lehiatu zuen garaipena, esprintean; tartean, bailarako lau txirrindulari, baina aurreneko postuetan sartzeko aukerarik gabe: 20garren Telmo Semperena astigartarra, 41garren Romero bera, 46garren Enekoitz Azparren astigartarra, eta 49garren Ibai Rodriguez hernaniarra. Minutu pasatxora helmugaratu zen Iker Iriondo hernaniarra, 59garren.
Eta azkenik, Lazkaoko Proba izan zuten 23 urtez azpikoek, bi astigartarrekin. Lazkaomendin gora hautsi zen lasterketa, erabat; eta 27garren postuan helmugaratzea lortu zuen Xabier Mikel Azparren astigartarrak, soilik 41 segunduko atzerapenarekin. Urko Semperena herrikideak, berriz, ez zuen lasterketa bukatu, Mikel Mujika taldekidearentzat lanean aritu ondoren; bosgarren izan zen Mujika.
Bi lasterketa, bihar
Aste honetan, asteburura itxaron gabe, bihar daukate zita, bi kategoriatan: 23 urtez azpikoek eta eliteek, Legazpiko Santikutz Klasika izango dute, 09:30etan; eta juniorrek izen bereko proba Seguran, 16:15etan.