Urumea bailara osoan, eta orokorrean, Espainiako estatuan gertatu bezala, hauteskunde orokorretako parte-hartzeak gora egin du Hernanin ere; %72,62k bozkatu du, 11.440 hernaniarrek, eta 2016an %61,77 izan ziren. Abstentzioaren alde, beraz, %27,38k egin du, 4.313 hernaniarrek; eta 76 boto baliogabe (%0,66) eta 69 zuri (%0,61) izan dira.
Aurreneko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, igoera izan dute. EH Bilduk 4.044 boto jaso ditu (%35,59; 2016an, %30,72), eta EAJk 2.398 (%21,10; 2016an, %15,92). Jaitsiera nabarmena Elkarrekin Podemosek izan du, eta hirugarren indarra izatera pasa da: 2.263 boto jaso ditu (%19,91; 2016an, %30,58). PSOEk laugarren indarra izaten jarraitzen du, baina igoerarekin: 1.796 boto jaso ditu (%15,80; 2016an, 11,43).
Bosgarren indarra, jaitsiera izan badu ere, PP izan da, 314 botorekin (%2,76; 2016an %6,26) eta seigarrena Ciudadanos, 226rekin (%2,02; 2016an, %1,98). VOXek botoen %0,95 lortu ditu; 108 boto. Atzetik, PACMAk 87 boto (%0,77), Recortes Cerok eta Aulki Zuriakek 15na (%0,13), PUM+J-k 14 (%0,12) eta ELAK/PCTEk 12 (%0,11).
EAEn, EAJ aurretik
Kongresuko 350 diputatuetatik 6 aukeratzen dira Gipuzkoan, eta horietatik bina lortu dituzte EAJk eta EH Bilduk, eta bana, PSOEk eta Elkarrekin Podemosek.
Hain zuzen, Gipuzkoan 6 aukeratzen diren bezala, 8 aukeratzen dira Bizkaian, eta 4 Araban. Datu horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari erreparatuz gero, EAJk 6 diputatu lortu ditu, eta PSOEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk launa; 18, denera.
Senatuan ere gora EAJ, PSOE eta EH Bildu, Podemos eta PPren kaltetan
Kongresurako bezala, senaturako boto-emaileen kopuruak ere gora egin du. EAEn, 208 senataritatik 12 aukeratzen dira, eta EAJk lortu ditu gehien: 9; aurrekoan baino 4 gehiago. PSE-EEk, berriz, bi lortu ditu, eta EH Bilduk 1; 2016an ez zuten bakar bat ere lortu.
Senatari guztiak galdu dituztenak, Elkarrekin Podemos eta PP izan dira; 2016an, hurrenez hurren, 5 eta 1 lortu baitzituzten. yy
*Datu guztiak Espainiako Barne Ministerioak emandakoak dira.