Hauteskunde Orokor hauetako joera bera jarraituta, Aranon eta Goizuetan ere nabarmen igo da parte-hartzea, aurten. Aranoarren %54,55ek bozkatu du, 54 lagunek, aurreko %42,42aren aurrean. Abstentzioa, beraz, %45,45ekoa izan da, eta boto zuri bat. Goizuetan ere, %71,31k bozkatu du, 420 lagunek, aurreko %61,77aren aurrean. Abstentzioa %28,69koa izan da, eta boto baliogabe bat eta bost zuri ere kontatu dira.
Bi herrietan, EH Bildu izan da garaile, eta igota, gainera. Aranon botoen %55,56 lortu ditu (30 boto); aurrekoan, %38,10. Goizuetan, %68,74 (288 boto); aurrekoan, %67,47. Igoera lortu duen bigarren alderdia, baita ere, Geroa Bai izan da. Aranon botoen %24,07 lortu ditu (13 boto); aurrekoan, %21,43. Eta Goizuetan, botoen %13,37 (56 boto); aurrekoan, %12.
Jaitsiera, hirugarren indarra izateari eutsi badio ere, Elkarrekin Podemosek izan du. Aranon botoen %9,26 (5 boto) lortu ditu; aurrekoan, %30,95. Eta Goizuetan, %7,88 (33); aurrekoan, %13,07.
Igoera edukita, laugarren indarra izateari eutsi diona, berriz, PSOE izan da, Aranon botoen %5,56rekin (aurrekoan 0), eta Goizuetan, botoen %5,01ekin (aurrekoan %1,87). Navarra Suma koalizioak, aldiz, botoen %3,70 lortu ditu Aranon, eta %2,86 Goizuetan. Aurrekoan, UPN-PPk botoen %4,76 lortu zituen Aranon, eta %4 Goizuetan, eta Ciudadanosek %2,38 Aranon, eta %0,27 Goizuetan.
Nafarroa osotik, berriz, bina diputatu lortu dituzte NA+ eta PSOEk Kongresurako, eta bat, Podemosek.