Parte-hartze altua izan zen atzoko eguneko datu esanguratsuena, orokorrean. Astigarragan ere, Urumea bailarako tendentziari jarraiki, hamar puntuko igoera izan zuen 2016ko ekainaren 26ko hauteskundeekin alderatuta. Hain justu, %73,16koa izan zen partehartzea bertan (%63,65ekoa 2016an); horietatik, botoen %0,94a nuloa izan zen, eta %0,69a, aldiz, txuria. Astigartarren %26,84ak abstentziora jo zuen (1.289 herritar).
EH Bilduk, 1.007 boto
Paper baliodunen artean, EH Bilduk jaso zituen boto gehien: 1.007 (%28,93). Alderdi subiranista izan zen, gainera, milaren langa pasa zuen bakarra, 37 botora izan baitzuen bigarren indarra: EAJ. Botoa eman zutenen %27,87ak egin zuen alderdi jeltzalearen alde, 970 astigartarrek. Biek ala biek, 2016ko zitan baino ia 400 boto gehiago jaso dituzte.
Aurreneko indarra izatetik, hirugarren indarra izatera pasa da Elkarrekin Podemos oraingo honetan. Bera izan da, gainera, azkeneko zitatik botoak galdu dituenetako bat: 961 boto jaso zituen 2016an (%35,16); eta atzo, 730 jaso zituen (%20,97).
Atzetik geratu dira, botoak galduta baita ere, PP (110 boto, atzo; 164 boto, 2016an) eta Ciudadanos (73 boto atzo; 83, 2016an). VOXek 39 boto jaso zituen Astigarragan (%1,12);?PACMAk bat gutxiago, 38 (%1,09); Recortes Cerok 10 (%0,29); launa, Aulki Zuriakek eta PUM+J-k; eta bakarra, ELAK/PCTEk.