Eli Pagolak Osinalde Sariketaren finala jokatuko du gaur, Gabiriako Osinalde elkartean. Iluntzeko 20:30etan hasiko da txapelketa. Hain juxtu, martxoaren 30ean lortu zuen finalerako txartela Ordiziako Argi Berri elkartean jokatu zuen aurreneko kanporaketan.
Harekin batera, 48. Osinalde Sariaren bila arituko dira Danel Olano, Ane Zuazubiskar, Oier Etxeberria, Joanes Illarregi eta Ibai Amillategi.
Pasa den urtearen amaieran Hernandorena saria eta Xenpelar Saria irabazi zituen eta txapela hau irabazten badu dauden hiru sari nagusienetakoen jabe izango da Eli Pagola.
Gipuzkoa Bertsotan txapelketa astear
Bertso Eskolako gainontzeko kideek, aldiz, maiatzean hasiko dute Gipuzkoa Bertsotan, Txapelketarako sailkapen fasea. Maiatzaren 4an hasiko da Txapelketaren sailkapen fasea, eta egun horretan bertan estreinatuko dira Eñaut Martikorena, Asteasun, eta Iker Ormazabal Idiazabalen. Hurrengo egunean, Orion, Xabier Azpirozen txanda izango da.
Aurrerago sartuko dira beste bertsolari hernaniarrak. Bertso Eskolako zortzi izango dira guztira bertan, aipaturiko Eñaut Martikorena, Iker Ormazabal eta Asier Azpiroz, eta baita Andoni Mujika, Eli Pagola, Oier Iurramendi, Beñat Mujika eta Iñaki Zelaia.
Bertsolariak bi multzotan banatuta arituko dira, eta multzo bakoitzean 7 saio jokatuko dituzte. Horiek guztiak jokatu ondoren, multzo bakoitzeko aurreneko 17ek lortuko dute Gipuzkoako Txapelketarako txartela. Dagoeneko sailkatuta dauden beste 14 bertsolariekin batera arituko dira.