Maiatzaren 1aren bueltan, egitarau berezia prestatu dute Kontrakantxa gaztetxean. Hurrengo asteazkenean izango da maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna, eta horren bueltan, atzoko hitzaldia eta gero, gaur nazio auziari buruz ariko dira, 18:00etan.
Aurretik, auzolana izango da goizeko 11:00etan, eta ondoren bertso afaria 21:00etan. Aitor Bizkarra ariko da bertsotan (Bizkaiako Txapelketako finalista) eta Hernaniko gaztetxeko bertso eskolako kideak ere harekin ariko dira. Afaria 8 euro ingurukoa izango dela jakinarazi dute, postrea eta kopa barne, eta ez da lehendik izena eman behar; bertaratzen den jende kopuruaren arabera aldatuko da prezioa.
Eguna amaitzeko DJ USBrekin bukatuko da festa.
Maiatzaren 1ean, Donostian eta Iruñean manifestazioak
Asteazkenerako ere deialdia egin dute Donostian egingo den manifestaziora joateko. 13:00etan irtengo da Bulebarretik.
Bestetik, Iruñean egingo du LAB sindikatuak manifestazioa, Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitza eutsi lelopean. Bertaratzeko, autobusa jarriko dute, eta Hernanitik ere pasako da. 09:15etan izango da Txantxillan, eta joan nahi duenak, astelehena (14:00ak) baino lehen eman beharko du izena: 943 33 60 62 telefono zenbakian edo hernani@lab.eus helbide elektronikoan.