Momentu oso berezia biziko du bihar Hernaniko frontoiak. Lehenengo aldiz inguru hauetakoa ez den talde batek hartuko du parte, talde moduan, kasu honetan Berria bezalako Txapelketa garrantzitsu batean. Bartzelonako Casa de los Navarros da taldea eta 11:00etatik aurrera Oiartzungo Oiarperen aurka jokatuko du hiru partiduetan: kadeteak, jubenilak eta nagusiak.
Rubén Arribas da taldeko delegatu eta ordezkaria eta ilusio haundiarekin daude honelako txapelketa batean jokatzeko. «Hernaniko Rufinok eta Andoaingo Andonik deitu zigun partehartzea proposatuz urte batzuk eskolarekin lanean aritu ondoren. Ideia asko gustatu zitzaigun eta lanean hasi ginen laguntzak bilatzeko eta talderik sendoena osatzeko».
Denboraldi hasieran burutik ere ez zitzaien pasatzen honelako aukera eta horregatik hasi behar izan dute diru laguntza bilatzen. «Enpresa batzuekin hitz egin dugu eta beraien bitartez lortu dugu finantzazioa eta animatu gara Berria txapelketan partehartzera».
Lehiatzera datoz Hernanira, baina Rubenek argi du urte guzti hauetan taldean egin duten lanaren saria ere badela. «Ez dugu horrenbeste kalitate ez eta kantitaterik ere Euskal Herriko talde gehienekin lehiatzeko, baina polita eta berria da guretzako».
«50 pelotari ditugu eskolan, 100 lizentzitik gora, baina oasia gara basamortuan»
Casa de los Navarros taldeak eskolan ia 50 pelotari ditu eta Bartzelonan dagoen pelota eskola bakarra da. «Katalunian beste talde bat dago, baina bi-hiru pelotari bakarrik ditu. Gure aldetik goaz federaziotik zerbait aldenduta, esku pelota gutxi lantzen baitute. Berez, ni gaztetxoa nintzenean hasi nintzen hemen pelotan eta gero erdi hilik zegoenean nire semea hasi zen jokatzen eta taldearen ardura hartu nuen hiru gazterekin. Bederatzi urtetan asko hazi gara. Lizentzia aldetik ehundik gora daude, kluba polita da, baina oasi bat gara basamortuan».
Jokatzeko arazoak izaten dituzte, Kataluniako hiru-lau taldeak pelotari beteranoz daude osatuta eta Zaragoza edo Nafarroara joan behar izaten dute jokatzera horrek suposatzen duen esfortzu eta ahaleginarekin. «Oraingoz osasunez ongi gabiltza. Urte osoan gazteek beraien artean jokatzen dute. Ongi dabiltzan gazteak nagusiekin jartzen ditugu lehiatzen.
Gazteak Euskal Herrira jokatzera etortzen dira
Euskal Herrian jokatzen diren txapelketentzako Valle de Ebroneko frontoian entrenatzen dira. «Ni pelotan aritzen nintzenean askotan etortzen nintzen Euskal Herrira jokatzera eta orain ere gazteak ekartzen ditugu. Gaur Trinitate plazan jokatuko du adibidez nire semeak, beste batzuk Lizarran daude, Barañainen, Zizurkilen... mugitzen gara handik eta hona, baina talde bezala inoiz ez genuen txapelketarik jokatu. Hori bai gurasoei esker ibiltzen gara, gustuko dute eta beraiek finantzatzen dituzte bidaiak».
Nagusietan, bi euskaldun
Pelotaren erakuslehio izan nahi dute herrialdean. «Ikusi gaitzatela frontoian jokatzen eta ea jende gehiago animatzen den eskuz jokatzera. Federazioaren lana egiten dugu nolabait esateko, baina ezin dugu leku askotara iritsi, ez dugu baliabiderik».
Hori bai, bihar Hernanin izango dira zerbait polita egiteko asmoarekin datoz jakinda Oiartzungo Oiarpe oso talde sendoa dela eta aukerarik apenas dutela kanporaketa gainditzeko. «Kadete politak ditugu, baina lehendabiziko urtekoak dira eta hori nabaritzen da, jubeniletan talde ahula dugu eta gure esperantza nagusietan gogor lehiatzea da. Bartzelonan bizi diren donostiar bat eta bizkaitar batek jokatuko dute, nik uste maila onean».