Gipuzkoarren zerga bilketa martxan errenta aitorpenarekin, uztailera arte

Kronika - Erredakzioa 2019ko api. 27a, 02:00

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga da ordaintzen dena, errenta aitorpena  eginda, eta horretarako epea irekita dago. Gi­puzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentua arduratzen da zerga hau biltzeaz. Ur­tero, pasatako urteari dagozkion datuak aurkeztu behar dira; aurten, beraz, 2018 urteari dagokion errenta aitorpena egin behar da.

Horretarako, hiru bide jartzen ditu aukeran Aldundiak, eta hirurak daude erabilgarri, uztailaren 1era arte. 

Dena den, zergadunek ez dute aitor­tzeko obligaziorik urteko lan etekin gordinak (soldatak, pentsioak,...), zergari lotuak eta salbetsi gabeak, 12.000 euroko kopurura iristen ez direnean, eta kapitalaren etekin gordinak eta ondare irabaziak 1.600 eurokoak baino txikiagoak direnean.

Urtean 12.000 eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak jasotzen dituztenak ere ez daude aitortzera behartuta baldin eta erregelamenduz arautu diren egoera jakin batzuetan ez badaude (errentek atxikipenik izan ez dutenean edo, atxikipena eduki arren, atxikipen tasa ez datorrenean bat ordaindu behar den zergaren kuotarekin) eta kapitalaren etekin gordinak eta ondare irabaziak, salbuetsitakoak barne, 1.600 eurotik beherakoak badira. Dena den, atxiki edo kontura sartu diren zenbatekoak berreskuratu nahi dituzten zergadunek aitorpena aurkeztu dezakete, horretara behartuta egon gabe ere.


Autolikidazio proposamena, mekanizatua edo internet

Errenta aitorpena egiteko moduetako bat da Aldundiak berak bidaltzen duen autolikidazio proposamena onartzea. Lehengo urtean bidalitako proposamenen %85,8 onartu zituzten herritarrek. Akatsik ez dutela uste den kasuetan bidaltzen ditu Aldundiak proposamenak, eta dagoeneko bidali ditu, posta arruntez; interneten ere ikusi daitezke, www.gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean. Ados egonez gero, webgune horretan bertan edo telefonoz, 943 11 30 00 zenbakian onartu daiteke. Akatsen bat dagoela uste izanez gero, berriz, aitorpena egiteko beste bide batera jo be­har da; bide mekanizatura, esaterako.

Aitorpen mekanizatua egiteko hitzordua hartu behar da lehen aipatutako  telefono zenbakian edota webgunean. Kasu honetan, Errenta Mekanizatuko Bulegoetara jo beharko da, behar diren ziurtagiriak eta autolikidazioaren emai­tza helbideratzeko kontu korrontearen zenbakia eramanda.

Azkenik, webgune horretan bertan au­keran dagoen Zergabidea Web lagun­tza pla­taforma erabili daiteke.

Modu batera edo bestera, uztailaren 1era arteko epea dago errenta aitorpena egiteko, eta dagoeneko irekita daude epeak jasotako proposamena onartzeko, aitorpena egiteko edo aldaketaren bat egin nahi izanez gero, dagokion bulegoan hitzordua hartzeko


Bulegoa Hernanin, astigartar, ereñotzuar eta hernaniarrentzat

Aitorpen mekanizatua egiten den kasuetan, horretarako bulegoetara jo behar da, eta herri bakoitzeko zergadunek bulego jakin batera jo behar dute.

Astigartar, ereñotzuar eta hernaniarrek Hernaniko bulegora jo behar dute; Latsunbe Berri kaleko 8 eta 9 zenbakietan dagoenera.


Ordaindu edo itzulitakoa jaso, kontu korrontearen bidez

Behin errenta aitorpena eginda, emaitza ordaintzekoa edo jasotzekoa izango den jakiten da. Zergadunari dirua itzultzen zaion kasuetan, helbideratutako kontu korronteak sartuko zaio dagokion zenbatekoa. Autolikidazioa aurkeztu eta ondorengo hiru laneguneko epea baino lehen egiten da hori.

Ordaindu egin behar den kasuetan, berriz, dena batera edo bi zatitan ordaindu nahi den aukeratu daiteke. Dena batera egitea aukeratuz gero, uztailaren 2an kobratzen da zuzenean kontu korrontetik. Bi zatitan eginez gero, berriz, %60 uztailaren 2an kobratuko da, eta gainerako %40, azaroaren 11n.

Aldundiak herritarren eskura jartzen dituen zerbitzuak erabiltzeaz gain, nahi izanez gero finantza-aholkularitza etxeetara jo daiteke, errenta aitorpena egiteko.

Finantza-aholkularitza buelgoak, laguntza lortzeko beste modua

Herritar askok Aldundiak bidalitako autolikidazio proposamena bera onartu, edo, aldaketaren bat egin nahi izanez gero, Aldundiak jarritako bulegoetara jo­tzen badu ere, errenta aitorpena egiteko laguntza behar izaten duenik ere bada.

Kasu horietan, finantza-aholkulari­tza bulegoetara jotzen dute askok. Aurkeztu beharreko dokumentuak asko direnean edota errenta aitorpena ondo nola egin jakin nahi denean jo daiteke zerbitzu hauetara. Autonomoek, urtebetean lan-kontratu asko izan dituztenek, ondasun higiezin asko dituztenek... jo­tzen dute askotan, finantza-aholkulari­tza bulegoetara.


Zergak, zertarako?

Modu batera edo bestera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak zergak biltzeko duen modu bat da errenta aitorpena. Hau egitean, zergadunak aukeratu dezake zertarako erabili nahi duen kuota osoaren %0,7: eliza katolikoari laguntzeko edo interes sozialetako erakundeetarako. 

Gainontzean, Aldundiak banatzen du jasotako dira. Iazko dautei dagokienez, 4.837 milioi euro jaso zituen Aldundiak, «2017an baino %3,6 gehiago». Jasotako hori horrela banatu zen: «316 milioi euro estatuarentzat, kupoa ordaintzeko; 3.232 milioi euro Eusko Jaurlaritzarentzat; 515 milioi euro udalentzat; eta 774 milioi euro Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat». Az­ken horiei, beste sarrera batzuetatik lortutako 42 milioi euro gehituta, Aldundiak 816 milioi euro gastatu ditu 2018an, jarraian agertzen den moduan: %46 (376 milioi euro) bideratu ditu Gizarte Po­li­ti­ke­tara; %9 (72 milioi euro) Bide Azpiegi­tu­re­tara; %8 (66 milioi euro) Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde Oreka sailera; %7na amortizazio eta interesak or­daintzera eta Kultura, Turismoa, Gaz­te­ria eta Kirola sailera (57 milioi eta 55 mi­lioi euro, hurrenez hurren); %6na Go­ber­nantza eta Gizartearekiko Komuni­ka­zioa sailera eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa sailera  (50 milioi eta 48 mi­lioi euro, hurrenez hurren); %5 (42 milioi euro) Ogasuna eta Finantzak sailera; %3 (22 milioi euro) Ingurumena eta Obra Hidraulikoak sailera; %2 (21 milioi euro) Diputatu Nagusiaren alorrera; eta %1 (7 milioi euro) Batzar Nagusietara.

Aldundiak nabarmendu du, baita ere, «Jaurlaritzari egindako ekarpenetik (3.232 milioi euro) %32 Osasunera eta %24 Hezkuntzara bideratzen» dela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!