Herritarrek Ogasun eta Finantza Departamentuarekin izaten dituzten harremanak euskeraz izan daitezen sustatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, UEMAko udalerriek edota Buruntzaldeakoak bezala, eta bide horretan, errenta aitorpena ere euskeraz egitera animatu dituzte herritarrak.
Baina errenta aitorpenaz gain, bestelako eginbeharretan ere Ogasunarekin euskeraz aritzearen alde ari da Aldundia. Gaur egun, «74.000 gipuzkoar dira Ogasunarekin harremanak euskeraz» dituztenak, Aldundiaren esanetan, eta «2022an 100.000ra igotzea da helburua».
Errenta aitorpena euskeraz egiteko, lau bide
Ogasunarekin harremanetan jartzeko arrazoietako bat izaten da errenta aitorpena egin beharra, eta hau ere euskeraz egitera animatzen du Aldundiak. Lau bide jartzen ditu herritarren eskura, horretarako.
Batetik, errenta mekanizatuko aitorpena egitean, langileari adierazita, harremana euskeraz izatea nahi dela. Bestetik, autolikidazio proposamena telefonoz edo internetez onartzean, euskerazko aukeraren alde eginda. Era berean, errenta aitorpena Ogasuneko webgunean eskura dagoen Zergabidea plataformaren bitartez egitean, euskerazko aukera erabilita. Eta azkenik, errenta aitorpena egiteko zerga kudeaketako profesional bat aukeratuz gero, hari adierazita euskeraren aldeko aukera egiten dela.
Bide horiek guztiak euskeraz aritu nahi duten herritarren eskura jarri dira, baina, era berean, harremanak euskeraz izan daitezen herritarrek eskubidea dutela adierazten duten kartelak ere jarri ditu Aldundiak errenta mekanizatuko langileen mahaietan, eta Ogasunaren eta errenta aitorpenaren webguneetan ere modulu informatiboak jarrita daude, herritarrek zein urrats eman ditzaketen adierazten dutenak.
Bestelako harremanak ere euskeraz, Ogasunarekin
Baina ez da errenta aitorpena egiteko garaia iritsi izana, Ogasunarekin harremanetan jartzeko arrazoi bakarra izaten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrak animatu nahi ditu Ogasunarekin izaten dituzten harreman guztiak euskeraz izan daitezen. Harreman horietan zein hizkuntza erabili nahi den aukeratzeko, bi bide daude.
Batetik, bulegoetan dagokion inprimakia aurkeztuta, izan Ogasun eta Finantza Departamentuko herritarren arretarako bulegoetan edota Gipuzkoako Foru Aldundiko erregistro zentralean, eta bestetik, internet bidez ere, da-gokion inprimakian euskera harremanetarako hizkuntza moduan aukeratuta. Batean zein bestean aurkeztu behar den inprimakia Aldundiaren Ogasunerako webgunean, www.gipuzkoa.eus atarian aurkitu daiteke, Departamentua ataleko ?Informazio gehiago? azpisailean; herritarrek, 030 eredua bete beharko dute, eta enpresa edo entitateek, 036 eredua.
Hitz teknikoen euskerazko hiztegia eskura, on-line edo paperean
Ogasunarekin eduki beharreko harremanak euskeraz izan daitezen «erraztu asmoz» hiztegia ere eskura jarri du Aldundiak. Bertan, errenta aitorpenarekin zerikusia duten kontzeptuen berri bakarrik ez, orokorrean finantzekin zerikusia duten hitz teknikoen azalpenak ematen dira.
Liburuaren paperezko edizioa Eusko Jaurlaritzaren webgunean lortu daiteke, www.euskadi.eus atarian, 2,88 euro ordainduta. Dena den, on-line ere deskargatu daiteke PDF bertsioan, lotura horretan bertan. Aurreneko argitalpena 2015ekoa da, eta lau ataletan banatutako 600 kontzepturen inguruko argibideak ematen ditu: kontzeptu orokorren ingurukoak, Ondarearekin lotutakoak, Zerga-Sistemaren ingurukoak, eta azkenik, Aurrekontuen inguruakoak.