Tontorrez tontor: Naziei ihes egindakoen pausuen atzetik Schepens bidean barrena, Sarotxar artzainak gidatuta

Kronika - Erredakzioa 2019ko api. 27a, 02:00

Mendiriz mendi

Muga zeharkatzen du­ten mendiko irteerak egiten ditu Men­diriz Mendik Bigarren Mun­du Ge­rran Euskal Herriko Piri­neo­etan jardun zuten ihes-sareak, ihes egin zuten pertsona guztiak eta haiei ihes egiten lagundu zieten guztiak gogora­tzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko. Horietako bat da hu­rrena proposatutakoa: Iratiko Etxo­letatik hasi, eta Otsa­ga­bia­raino, Nafa­rroako zatian. «Ho­rrela bertan lagundu zuten guztiak gogoratu eta omendu nahi ditugu: mugalariak, logistikaren ar­du­radunak, aterpetxeetako jabeak eta beste hainbat eginkizunetan lagundu zutenak», diote. 

Hasiera batean apirilaren 28r­ako proposatu zen irteera hau, baina hauteskundeak me­dio, maiatzaren 5era atzeratu da.


Kontrabandorako bideak, salbaziorako bide 

Lehendik kontrabandorako erabiltzen ziren bideetaz baliatuz, gure mendietan antolatu zen bide-sareak garrantzi handia hartu zuen naziek okupatutako Eu­ropatik ihes egiteko sortu zi­ren ibilbideen barruan. Etxe se­guru edo babesleku ugari Euskal Herrian kokatu ziren, muga in­ternazionalaren bi aldeetan, eta mugalari gehienak inguru hauetakoak ziren. Ihes egiteko isilpeko sareetan parte hartu zuten herri horietako batzuk Hernani, Oiartzun, Donostia, Donibane Lohitzune, Errenteria, Mendibe, Irun, Donibane Garazi, Sara, Izaba, Orbaizeta, Otsagi, Aldude edota Elizondoak izan ziren.

Sare klandestino haietan la­gundu zuten bi aldetako pertsonek burututako ekintza ausart eta desinteresatuak ez ditugu ahaztu nahi.  Pertsona haiek ba­­ze­kiten, harrapatuak izatekotan, torturatuak eta fusilatuak izango zirela, edo, egoera onenean, nazien kontzentrazio eremuetara hiltzera bidaliak izango zirela. Askok horrela amaitu zuten.


Mendibetik Orbaizetara, Belgikako iheslariak 

Ibilaldi hau Belgikako oftalmologoa (erretinaren kirurgia modernoaren ?aita? da) eta inteligentzia militarreko ofiziala zen Charles Schepens-ek antolatu zuen. Ge­rra hasi eta handik hiru urtetara, 1942 urtean, Mendibeko ze­rra­tegia berriro martxan jarri zuen  naziek okupatutako Euro­pa­tik ihes egin nahi zuten belgikar agenteei laguntzeko. Gero ero­ritako aliatuen pilotuei, de­rri­gorrezko zerbitzu militarretik ihes egin nahi zuten frantsesei, Ges­ta­potik ihes egiten ari ziren juduei eta beste hainbat jenderi laguntzeko ere erabili zen. Sare klandestino hori Bruselasen has­ten zen eta Euskal Herrira ze­torren. Bide luze hori egin ondoren, iheslariek hemen Irati oihana eta muga zeharkatzen zuten, eta, gero, Or­bai­zetan edo Otsagin atseden har­tzen zuten. 

Jean (Manex) Sarotxar inguru honetako artzaina zen. Bere gidaritzapean ipar partetik hego aldera pasatzen ziren iheslariak berak hain ongi ezagutzen zi­tuen bideak erabiliz. Nafarroako herrietatik iheslariak Donos­tia­ra edo Iruñara eramaten zituzten eta hortik, baldintza egokiak zirenean, Lisboa edo Gibral­ta­rre­ra. Liza­rriturri izeneko Belgi­ka­ko kontsulak iheslari belgikar ba­tzuk Donostian elkartu zituen eta beraiekin bidaia antolatu zuen, aurrena, errepidez, Lis­bo­a­ra, eta bertatik hegazkinez Lon­­dre­sera.


Ondare historikoaz gain, natur ondarea ere baden ibilbidea

Ibilbidearen garrantzia historikoan interesa ez duenak agian naturari buruzkoa du.  Ibil­bidea Europako pagadi-izeidirik handienetako batean kokatzen da; Alemaniako Oihan Beltzaren atzetik, Iratiko oihana da bigarrena. Paraje hau, oraindik gaur, ia birjina mantentzen da. Iratiko oihana natur altxorra da, balio ekologiko handikoa. Pagadiek, izeiek eta ur freskoek osatzen dute urtaro berri ba­koitzarekin kolore biziekin oparitzen digun ingurune paregabe hau. Bertako oihanak sentsazio eta bizipen ugari eskaintzen ditu: naturarekiko harremana bakardadean, pagoen eta izeien artean urak sortzen duen doinu hipnotikoa, basoaren freskotasuna eta altxor hau estaltzen duen belar mantuaren leuntasuna. 


Cubo ur-jauzia, Abodiko mendizerra eta Muskilda monasterioan barrena

Iratiko Etxeak izeneko tokitik hasten da ibilbidea. Muga zeharkatzen zuen bideak hegoaldera egiten du, baina gu iparraldera eginez hasiko gara. Helburua ?Cubo? izenarekin ezagutzen den ur-jauzia bisitatzea da. Horretarako, Irati erreka gu­re eskuinean utziz, GR-T9 eta gero SL-62A ibilbideei jarraitu behar zaie. Tarte labur batean, 20 minutu ingurutan, bertara iritsiko gara. Ur-jauzia eta bertan dagoen 25 m inguruko enbor eroria bisitatu ondoren atzera egin eta autobusa utzi dugun tokira itzuliko gara. En­borrak balioko digu ohartzeko Frantzia eta Espainiako armadek XVII eta XVIII. mendeetan  zer nolako zuhaitzak erabiltzen zituzten gerraontzien mastak egiteko. Ibilbidearen tarte ho­nek ordubete inguru irauten du.

Bigarren zati honetan beti hegoaldera egin behar da. Ira­tiko Etxeak izeneko tokitik (687 m) GR11/GRT9 bideari jarraitu behar diogu eta ?Paso de las Alforjas? (1.366 m) lepora igo. Ibilbide gehiena baso barrutik egiten da. Azken metroetan, Abodiko mendizerraren goiko partera iristen garenean, soroetatik egiten da. 

Soro eta baso tartetik behera egiten da. Beste baso batean sar­tzerakoan Muskilda monas­te­riora hurbilduko gara. Ber­tatik, zertxobait igo ondoren, ibilbideari amaiera emateko Otsagira jaistea soilik geratzen da. 


IRATIKO ETXOLAK - OTSAGI (RED ZERO)

Non kokatzen da: Nafarroan.

Distantzia: 17 kilometro.

Denbora: 5-6 ordu.

Desnibela: 700 metro inguru gorantz eta 800 metro inguru beherantz.

Zailtasuna: Zailtasun bere­zirik gabekoa.

Beharrezko materiala:?Mendiko material arrunta.

Mendiriz Mendik maiatzaren 5ean egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!