goizueta eta Aranon irakurzaletasuna euskeraz bultzatzeko Irakurri, gozatu eta oparitu ekimena dute martxan pasa den martxotik eta maiatzaren 31ra bitartean. 13garren edizioa bete du ekimenak aurten, baina hirugarren aldiz eginen dute Malerrekan eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranon.
Ekimen honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Ekimenak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez eta liburua oparitzera gonbidatuz.
Hiru pauso eta erosketa txekeak
Lehenengo pausoa irakurtzea da. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izanen da.
Ondoren liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duen. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emanen du, zehaztutako liburu dendan erabiltzeko.
Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emanen du.
Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, 30 euroko balioa duen erosketa txeke bana zozketatuko du liburutegiko arduradunak, hilabete bakoitzean irakurketa fitxa bete dutenen artean.