Zamalbide eta Bentetako festak prestatzen hasiak dira dagoeneko astigartarrak. Maiatzaren 15ean, San Isidro egunean bertan, txupinazoa botako da, eta beste bi jai egun ere prestatu dituzte maiatzaren 18 eta 19rako: haur eta gazteen eguna, eta jubilatuen eguna, hurrenez hurren.
Egitaraua zabalagoa bada ere, San Isidro eguneko lagun arteko bazkariaren eta haur eta gazteen eguneko afari herrikoiaren berri eman dute, txartelak lehendik erosi behar direla eta.
Bazkarirako txartelak maiatzaren 5era arte, eta afarikoak, 12ra arte
San Isidro egunean bertan egingo da lagun arteko bazkaria, Auzolan Elkartean, 14:00etan. Bertan bazkaldu nahi duenak maiatzaren 5era arteko epea dauka txartelak erosteko, Frantxilla Zahar edo Zamalbide tabernetan.
Afari herrikoia, berriz, maiatzaren 18an egingo da, larunbatarekin, haur eta gazteen egunean, iluntzeko 20:30etan hasita, Auzolan Elkartean baita ere. Baina kasu honetan, musikarekin girotuta. Afari honetarako txartelak 25 euroan jarri dituzte salgai, eta maiatzaren 12a baino lehen egin behar da erreserba, telefono hauetakoren batera deituta: 637 781 772 (Igor) edo 656 765 482 (Iker).
Hiru egunez egitarau zabala
Bazkari eta afariak ez dira izango San Isidro jaietako ekintza bakarrak. San Isidro egunean bertan, zaindariaren ibilaldiarekin hasiko dute eguna, 11:45etan, eliza inguruan, eta meza egingo da gero, 12:00etan. Segidan, txupinazoa botako da 12:45etan, eta salda eta bertsolariak izango dira, denen gustagarri. Bazkalondorenean, berriz, idi probak egingo dira 18:00etan, doan.
Asteburuarekin jarraituko du festak, maiatzaren 18 eta 19an. Haur eta gazteen egunean jolasak, haur bazkaria, ipuin kontalariak eta tailerrak, apar festa... izango dira. Eta hurrengo egunean, bertsolariak, herri-kirolak eta jubilatuen omenaldiko bazkariarekin gozatu ahal izango da, besteak beste.