Eskolako oporraldia bertsotan hasi zuten Hernaniko Bertso Eskolako kideak, eta hala jarraituko dute apirila bukatu eta maiatzan zehar ere.
Askizun, asteburupasa
Askizu izan zuten aurreneko geltoki, Bertso Eskolako kideek. Oporraldia hasi berritan izan zen hori, apirilaren 12tik 14ra. 12 kide elkartu ziren eta hainbat ekintza egin zituzten. Haientzat bereziena, han egin zuten «Korrika propioa» izan zen, auzoan zehar egin zutena ostiralean. Larunbatean, afalostean bertso eskolako gazteen bertso-saioa izan zuten; eta igandean, aldiz, etxera bueltatu aurretik, bertsoz agurtu zuten Askizu.
Osinalde sariketan, Eli Pagola
Aurreneko geltokitik, bigarrenera egingo du Eli Pagolak, oraingo honetan, berak bakarrik. Osinalde Sariketaren finala jokatuko du etzi, Gabiriako Osinalde elkartean. Iluntzeko 20:30etan hasiko da txapelketa.
Hain juxtu, martxoaren 30ean lortu zuen finalerako txartela Ordiziako Argi Berri elkartean jokatu zuen aurreneko kanporaketan.
Harekin batera, 48. Osinalde Sariaren bila arituko dira Danel Olano, Ane Zuazubiskar, Oier Etxeberria, Joanes Illarregi eta Ibai Amillategi.
Maiatzean, Gipuzkoakoa
Maiatzaren hasieran izango dute, ordea, hirugarren geltoki garrantzitsua: Gipuzkoa Bertsotan, txapelketarako sailkapen fasea.
Maiatzaren 4tik 25era bitarte jokatuko dute Gipuzkoan zehar, 14 saiotan. Antolaketa lanetan hamaika lagun, 15 gai-jartzaile, 18 epaile, 3 idazkari eta 84 bertsolari izango dira.
Baita Hernanitik joanak ere. Bertsolarien artean, Bertso Eskolako zortzi izango dira bertan: Eñaut Martikorena Lizaso, Iker Ormazabal Ojeda, Asier Azpiroz Iztueta, Andoni Mujika Izagirre, Eli Pagola Apezetxea, Oier Iurramendi Etxeberria, Beñat Mujika Izagirre eta Iñaki Zelaia Irazusta. Eta epaileen artean, beste hiru: Bakarne Urreaga, Iñigo Legor?buru eta Amaia Otxotorena.
Bertsolariak bi multzotan banatuta arituko dira, eta multzo bakoitzean 7 saio jokatuko dituzte. Horiek guztiak jokatu ondoren, multzo bakoitzeko aurreneko 17ek lortuko dute Gipuzkoako Txapelketarako txartela. Dagoeneko sailkatuta dauden beste 14 bertsolariekin batera arituko dira.
Hasieratik, hernaniarrak
Maiatzaren 4an hasiko da Txapelketaren sailkapen fasea, eta egun horretan bertan estreinatuko dira hernaniarrak. 17:00etan izango dira bi saioak. A multzoarena, Asteasuko udaletxean; eta B multzoarena, aldiz, Idiazabalgo Guraso Elkartean. Aurrenekoan, Eñaut Martikorena arituko da; bigarrenean, aldiz, Iker Ormazabal.
HERNANIARRAK SAILKAPEN FASEAN
Maiatzak 4, 17:00etan:
A MULTZOA, Asteasuko udaletxean: Eñaut Martikorena Lizaso.
B MULTZOA, Idiazabalgo Guraso Elkartean: Iker Ormazabal Ojeda.
Maiatzak 5, 17:00etan:
B MULTZOA, Orioko Kultur Etxean: Asier Azpiroz Iztueta.
Maiatzak 19, 17:00etan:
A MULTZOA, Errezilgo Herri Eskolan: Andoni Mujika Izagirre.
Maiatzak 25, 17:00etan:
A MULTZOA, Bergarako Seminarixuan: Eli Pagola Apezetxea, Oier Iurramendi Etxeberria, Beñat Mujika Izagirre.
B MULTZOA, Donostiako Larratxo Kultur Etxean: Iñaki Zelaia Irazusta.