Asteburu potentea izango dute CD Hernaniko futbolariek. Larunbatean hasiko dute ohorezko jubenilen Labaien Txapelketarekin. CD Hernanirekin batera, bertan izango dira Eibar, Real Sociedad eta Zaragoza.
Egun osoan zehar
Goizeko 11:00etan emango diote hasiera txapelketari, Hernani eta Realaren arteko norgehiagokarekin. Zati bakarreko partidua izango da. Ondoren, 12:00etan, Zaragoza eta Eibarrek jokatuko dute aurrez aurre. Eguerdian, Txantxangorri elkartera joango dira jokalari eta teknikari guztiak. Elkarrekin bazkalduko dute bertan, ia 120 lagunek.
Arratsaldean jarraituko du txapelketak Zubipen: 16:30etan, 3. eta 4. postua jokatuko dute; eta 17:30etan izango da finala.
Sari-banaketan, bi finalistek saria jaso ondoren, Labaien familiak jokalari onena sarituko du.