Hilabeteko azken osteguneko zitari eutsiko dio Dobera Euskara Elkarteak, eta beste pelikula bat eskainiko du bihar Zinea Euskaraz ekimenaren bueltan.
Iruzurgilea (The Imposter) filma ikusi ahal izango da oraingoan, arratsaldeko 18:30etan hasita, Sandiusterriko areto nagusian. Sarrera borondatezkoa izango da.
Bertsio originalean, aurrenekoz
Nobedade bat ere izango da oraingoan. Aurreneko aldiz, ingelesez eskainiko dute, bertsio originalean, eta azpitituluak izango ditu, euskeraz.
Gazte baten istorioa
95 minutuko pelikula 2012an estreinatu zen, eta Erresuma Batukoa da. Bart Layton da zuzendaria eta aktoreen artean daude Ken Appledorn, Debbie Jennings eta Adam O?Brian.
Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa da kontatzen dutena: Amerikako Mendebalde Ertaineko familia batean desagertutako haur baten azalean jartzen den gazte baten istorioa. Baina desagertutako semea ilehoria da, eta agertutako gaztea, aldiz, beltzarana, frantsesa eta 10 urte zaharragoa.
Familiak gazte frantsesa euren semetzat ukatu beharrean, etxean hartu eta desagertutako haurra dela dio.