Herritar gehiagorengana iristeko asmoarekin, auzoetara eramango ditu Zilegi Eskolak AEK euskaltegiak maiatzetik aurrera: «hutsunea ikusten genuen Zilegi Eskola oraindik ere ez delako herriko euskaldun guztiengana iristen. Askok euskaltegiko ekintzatzat hartzen dute, eta hor markatu genuen gure lehenengo lan lerroa: euskeraz bizi nahi duten helduek Zilegi Eskola euskaltegitik harago dagoen ekintza dela ikusarazi nahi genuen», diote AEK euskaltegitik.
Aurreneko saioak, Portun
Hori horrela, Hernaniko Udalarekin batera, ikasturte bukaera honetan hasi eta hurrengoetan jarraituz, «indar berezia» egingo dute auzuneetan, auzoetan bertakoekin saioak eginez.
Portu auzoa izango da Zilegi Eskolak bisitatuko duen aurrenekoa. Bertan, Plaza Dantzen ikastaroa egingo dute maiatzaren 3, 10 eta 17an; arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara izango dira, elkartearen lokalean. Saioak debalde izango dira, baina plaza mugatuak izango direnez (15 lagun gehienez), aurretik izena eman beharko da: 663 04 33 14 edo zilegieskola@aek.eus.
Aurrerago, ekainaren 7 eta 14an Makillaje ikastaroa egingo dute leku berean.
Ereñotzu, arnasgune
Era berean, Ereñotzu arnasgune gisa identifikatu du AEK euskaltegiak, eta bertarako, bi erronka nagusi zehaztu dituzte: «Batetik, euskaldunak ahalduntzeko saioak egin nahi ditugu, adibidez, 10 orduko ikastaroa gidoiak idazten trebatzeko, idatzizko testuak autozuzentzen trebatzeko saioak, ardo dastaketa ikastaroak... eta bestetik, euskaldun berrientzat murgiltze programak egiteko entrenamendu espazioak sortu nahi ditugu».