Hernanin izango da, datorren ostiralean, Josep-Lluis Carod-Rovira politikari ohia. Hernani Errotzenek antolatuta, hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko 19:00etan Biterin. Gazteleraz emango du, eta sarrera irekia izango da, aretoa bete arte.
Kataluniak bizi duen egoera izango du hizpide, eta zehazki, bere «azkeneko geltokia: askatasuna», hizlariak berak aurreratu duenez.
Askatasun hori lortzeko, klabeetako batzuk emango ditu. Horietako bat da, independentziak ekonomikoki suposatuko lukeena, Carod-Rovirak adierazi izan duenez: «herritar gehienek Kataluniaren independentziaren alde egiteko, beharrezkoa da independentziak ekarriko lituzkeen onura ekonomikoak nabarmentzea».
Esquerra Republicana de Catalunya (ERC) alderdiko presidente izan zen Carod-Rovira, 2004tik 2008ra. Generalitateko Lehen Kontseilari izendatu zuten 2003an, Tripartito izeneko koalizioan; eta Generalitateko presidenteorde izan zen gero, 2006tik 2010era.