Hernaniko Udaleko 2015-2019 epealdiko langileen ordezkariek Udal Zerbitzuak saileko langileek (zenbait langilek hobe esanda) hauteskunde sindikalen aurrean langile guztiei parte ez hartzeko eginiko deialdiaren aurrean ondorengoa esan nahi dugu.
Zilegia da kritika eta zilegia da disidentzia, baina kontu izan, nahi duena esaten duenak nahi ez duena entzuten du. Marra gorriak igarotzeak ondorioak ditu eta zuek egin moduan guk gure iritzia plaza publikora ateratzea erabaki dugu.
Zuen baieztapenak gezurretan oinarriturik daude, udal langileek ezagutzen baitute gure jarduna eta badute udal gobernuarekin izan ditugun gorabeheren berri.
Hemen arazoa beste bat da, idatzian esaten denak baino, ezkutatu eta esaten ez denak baitu garrantzia. Hemen arazoak %18 du izena, urte luzez ordu extren kontura eginiko negozio eta txantxulloak amaitu izana, urte luzetan emandako praktika txar batzuk amaitu izana, zoritxarrez ezagutzen ditugun beste batzuk bere horretan dirauten arren. Bai edozein udal langile eta Hernaniko herritar lotsaraziko luketen portaera eta praktika desegokiak. Zuen malaostiak aurreko guztia du oinarri.
Oso larria da gure ustez langile hauek, Hernaniko Udaleko Langileen Batzarrak harturiko hainbat erabakiren gainetik jarri nahi izana. Prekaritatearen aurka egin ez dugula diozue, bada langileen ordezkariek prekaritatea murrizteko Udal Zerbitzuak saileko lanpostuak egonkortzeko deialdiak egitea borrokatu eta lortu ostean lorpen hori bera kritikatzea ez da onargarria. Amaitzeko lan sariak igotzeko moduaren inguruan diozuenak ez du barkamenik, inork borrokatu badu gai horren inguruan langileen ordezkaritza hau izan baita eta hori udal langile guztiek badakite.
Hauxe da momentuz esateko daukaguna.
Imanol Beroitz Insausti, Fermin Mitxelena Otaño, Jokin Nazabal Iriberri, Malores Etxeberria Arrese eta Joxe Arrieta Iraola