Hasi dute denboraldia, indartsu hasi ere, ipar martxalari hernaniarrek. Espainiako Kopako bi proba jokatu dituzte azkeneko asteburuetan, eta emaitza ederrekin bueltatu dira.
A Coruñan (Galizia) izan zuten aurrenekoa, martxoaren 24an, eta bertan izan ziren lau hernaniarrek, podiuma lortu zuten, kategoria ezberdinetan: hirugarren izan zen Visi Madina, bigarren postuan sailkatu ziren Agustin Urretabizkaia eta Pepelu Madina, eta irabazi egin zuen Alberto Arenalesek.
Bigarren proba, berriz, joan den igandean jokatu zen, apirilaren 7an. Huelvara (Andaluzia) egin zuten bidaia hernaniarrek, hiru lagunek oraingoan; eta puntako postuetan sailkatu ziren bertan ere. Zehazki, bere mailan laugarren bukatu zuen Visi Madinak, bigarren Alberto Arenalesek; eta hirugarren Agustin Urretabizkaiak.
Lortutako emaitzekin pozik bueltatu dira hernaniarrak, bi probetatik; eta nabarmendu dute, «gero eta exijentzia eta lehiakortasun haundiagoa» daukala ipar martxak.