Astigarragako Udal Gobernuak azterketa bat jarri du martxan sagardotegi garaiak herritarrengan zer inpaktu duen jakiteko. Proiektuaren helburua herrian bizikidetza hobetzea da eta lehen eskuko ezagutza izan txotx garaiak astigartarrei sortzen dizkieten kalteen inguruan.
Azterketa egiteko Foru Aldundiak dirulaguntza eman du eta pasa den ostiralean, apirilaren 5ean, hasi zen. 350 telefono elkarrizketa aleatorio egingo dira (sexu eta adinaren finkapenarekin) 18 urtetik gorako Astigarragako bizilagunen artean. Behin analisia egin eta gero, txosten bat idatziko da lortutako emaitzekin, eta bertatik ateratako ondorioetan oinarrituta egingo da lan.
«Udal taldeak ezagutzen du herritarrengan sagardotegi denboraldiak sortzen duen ardura, horren ondorioz beharrezkoa ikusi du bizikidetza lantzen hastea baita zentzu horretan ere. Bizikidetza on bat bermatzea Astigarragan da Udal Gobernu honen helburu nagusienetakoa» diote Udaleko arduradunek.