lehen Arreta Arnasberritzen plataformak, eta LAB, ELA, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, greba egingo dute gaur Osakidetzako Lehen Arretako langileek, tartean Hernani eta Astigarragakoek.
Lehen Arreta Arnasberritzen Plataformak eta LAB, ELA, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egin dute bat, deialdiarekin.
2007tik okerrera, egoerak
Sindikatuek eta Plataformak apirilaren 1ean azaldutakoaren arabera, «behin eta berriz salatu dugu Lehen Arreta eraisteko apustu bat dagoela». 2007. urtetik hartutako erabakiek okerrera egin dute egoera, haien ustez: «lanpostuen suntsiketa, plantilla gero eta txikiagoak, behin-behinekotasun tasen igoera; zerbitzuen pribatizazioa; bajak eta absentziak ez dira ordezkatzen; hutsik dauden lanpostuak ez dira betetzen; iruzurra behin-behineko kontratazioan; lan kargak gero eta haundiagoak; erosahalmenaren galera; gaixotasun bajen zigorra; etab.».
Horren aurrean, «Osakidetzak benetako arazoak konpontzeko borondate eza agertu du, kontutan hartu gabe Lehen Arretan egin beharreko lana, talde lana dela eta ondorioz, kategoria guztien arazoak jorratu eta konpondu behar direla», adierazi dute eragileek.