Ostiral gauean iritsiko da Korrika Urumea bailarara; 01:00ak aldera Astigarragan sartuko da, eta Hernanira, berriz, 01:24ean. Astigarragan kilometroa erosi dutenek petoak eskura dauzkate Astigarragako kultur etxean, gaur 19:00etatik 20:30etara, bihar 10:30etatik 12:00etara eta ostegunean 10:00etatik 12:00etara.
Hernanin erosi dutenek, berriz, Hernaniko AEKn jaso ditzakete gaur edo ostegunean, 15:00etatik 19:00etara. Horrez gain, bost euroan salgai ere badaude. Bestalde, igandean Korrika bukaera Gasteizen ikusteko autobusa aterako da Donostiatik 09:30etan, eta Hernanin, Atsegindegin ere geldituko da. Txartelak Groseko Irrintzi euskaltegian erosi behar dira.
Azkenik, Dobera eta Kronikak egin dute zozketa bazkideen artean, eta hauek izango dira Hernaniko kilometroan testigua eramango dutenak: Felix Olasagasti, Doberako bazkidea eta Beñat Zubitur, Latxeko harpideduna.