Dantzari Festa antolatu du Hernaniko San Joan Konpartsak hogeita laugarrenez; atzo eman zitzaion hasiera dantzari txikien irteera eta emanaldiarekin, eta gaur izango du segida helduen egunarekin.
Kale eta auzoetan zehar, goizean
Goizeko 10:45etan hasita, 21 taldek hartuko dute parte, dantzari eta musikarien artean. Horietatik 12 dira gipuzkoarrak: Ostargi, Hernaniko Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsa; Hernaniko Musika Eskola; Hernaniko Ttarla dantza taldea; Azpeitiko Ikasberri Ikastolako dantza taldea; Errenteriako Ereintza; Donostiako Eskola; Irungo Ibarla Meaka; Donostiako Goizaldi; Lezoko Herri Dantzazaleak; Irungo Kemen dantza taldea; Oiartzungo Olarri; eta Donostiako Trebeska. Arabatik Gasteizko Adurtza dantza taldea izango da; Bizkaiatik, Sestaoko Eusko Lorak eta Arriskugarri; Nafarroa Garaiatik, Elizondoko Baztandarrak, Iruñeako Ortzadar eta Zangotzako Rocamador; eta Lapurditik, Donibane Lohitzuneko Begiraleak, Miarritzeko Oldarra eta Hendaiako Mutxiko Elkartea.
Kale eta auzoetan zehar ibili ondoren, Plazan elkartuko dira talde guztiak 13:15etan. Bertan dantzatuko dute: Agintari Dantza, Agurra, Muxikoak, Fandango-Arin eta Larrain dantza. Eguraldi txarra egiten badu, Biterin izango da dena.