Zazpi dantza talde txikik emango diote hasiera gaur, 17:00etan, 24garren Dantzari Festari. Erdiguneko kaleetara (euria egingo balu Atsegindegin) aterako dira eta eskainiko dute dantza emanaldia.
Hasieran Hernaniko Musika Eskolako txalapartariak, bertso eskolako bertsolariak eta irrintzilariak ariko dira, eta, ondoren, talde guztiek Agurra dantzatuko dute. Begiraleak (Donibane Lohitzune), Egape (Urnieta), Ereintza (Errenteria), Eskola (Donostia), Haurtzaro (Oiartzun), Trebeska (Donostia) eta Ttarla (Hernani) dira parte hartuko duten zazpi taldeak, eta bukaeran, elkarrekin Fandango eta Arin-arina dantzatuko dute.
Bihar goizean, helduen egun haundia
Baina festa ez da orduan bukatuko, bihar izango baita helduen egun haundia. Goizeko 10:45etatik aurrera, Euskal Herriko 19 taldek kale eta auzoak zeharkatuko dituzte.
Ttarla dantza taldeaz gain, eta Musika Eskolako kideen eta Erraldoi eta Buruhaundien konpartsaren laguntzaz, bertan egongo dira: Gipuzkoatik, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Errenteriako Ereintza, Lezoko Herri Dantzazaleak, Oiartzungo Olarri, Donostiako Eskola, Goizaldi eta Trebeska, eta Irungo Ibarla eta Kemen; Arabatik Gasteizeko Adurtza; Bizkaiatik Sestaoko Eusko Lorak eta Arriskugarri; Nafarroa Garaiatik Elizondoko Baztandarrak, Iruñeako Ortzadar eta Zangotzako Rocamador; eta Lapurditik Donibane Lohitzuneko Begiraleak, Miarritzeko Oldarra eta Hendaiako Mutxiko Elkartea.
Ttarla Dantza taldea, 11:00etan, Osiñagan
Talde bakoitzak bere ibilbide propioa egingo du herrian zehar. Ttarla Osiñagako Borda Berri parean ariko da 11:00etan, eta horren ondoren, 13:30ak aldera, Plazan elkartuko dira denak eta bertan denak batera dantzatuko dituzte: Agintari dantza, agurra, muxikoak, fandango eta arin-arina eta larrain dantza.
Ondoren, 14:30ak aldera, dantzari eta soinujoleek, denak batera bazkalduko dute Atsegindegin. Bazkalondoren, erromeria egongo da.
Euskal jantziei buruzko erakusketa eta hitzaldia, datorren astean
Euskal jantziei buruzko erakusketa antolatu dute datorren asterako. Etzi inaguratuko dute, eta ostiralera arte bisitatu ahal izango da Biterin, 17:00etatik 20:00etara. Ostegunean, berriz, hitzaldia izango da 19:00etan, janzkeren inguruan.