Denboraldi honetan, Landaren jokatuko duen azkeneko partidua da, gaur Hernanik izango duena, arratsaldeko 17:00etan. Eta gainera, ez nolanahikoa; Ampo Ordiziaren aurka, derbi gipuzkoarra da jokatuko dena.
Hernanik denboraldiko helburu nagusia bete nahi du, beste urtebetez Gorengo Mailari eustea. Horretarako, Patrick Polidori entrenatzaileak argi du zer egin behar duen bere taldeak: partidua irabazi eta, ahal bada, bonus puntuarekin: «Ordiziari bonusarekin irabazten badiogu mailari eustea lortuko dugu».
Bestela, azkeneko jardunaldian, Valladoliden, El Salvadorren aurka lortu beharko luke azken puntu hori. Hala ere, oraindik ere goiz da jakiteko zenbat puntu beharko diren, azken bi postuak saihesteko.
40 puntu lortzea da lehenengo helburua
Hernanik 35 puntu ditu bi jardunaldiren faltan, Cisnerosek bezala, eta La Vilak baino puntu bat gehiago. Gernikak, hiru jardunaldiren faltan 27 puntu ditu. Hernanik, gainera, bi talde horiekiko averagea alde du. La Vilari geratzen zaizkion aurkariak dira, El Salvador etxean, eta Barça kanpoan. Gernikari, aldiz, Burgos eta Cisneros etxean, eta Alcobendas kanpoan. 40 puntu lortuta, mailari eustea lortuko litzateke, gauzak normal joanda.
Talde gipuzkoarren arteko derbian, ordiziarrek ez dute sailkapenean ezer jokatzen. Laugarren postua ziurtatua dute, baina horrek ez du esan nahi talde gogorra izango ez denik. Bolada onari eutsi nahi diote, bai emaitza eta bai joko aldetik. Gainera, euren zaleentzako eta jokalarientzako partidu gustagarria izaten da, urteko politenetakoa, eta irabazi nahi izaten dena. Play offari begira konektatuta mantendu nahiko dute.
Hala ere, Polidorik dio jokalari hernaniarrak «gose haundiz» daudela partidurako: «aste osoan oso ongi entrenatzen ari dira jokalariak, oso serio, eta zelaira dena ematera eta gosearekin aterako dira».