Sailkapen orokorreko hirugarren postuan ondo finkatuta, Liga bukatzeko falta diren lau jardunaldietan beste koxka bat gora egiten saiatuko da Mundarro, azkenera arte borroka eginda.
Gaurkoa ez du horretarako aukera txarra. Trintxerperi egin beharko dio aurre, azkeneko sailkatuari, eta gainera, etxean: arratsaldeko 16:00etan izango da, Zarkumendegin.
Dena den, mailari eusteko aukerak baditu Trintxerpek oraindik, eta beraz, kontrario arriskutsua izango da; moreek ez dute despisteetarako aukerarik izango.
Mikel Gartziarenari omenaldia, aurretik
Baina sailkapeneko lehia baino, beste berezitasun bat izango du gaurko partiduak. Izan ere, Mikel Gartziarena Gartzi kapitainak, azkeneko partidua jokatuko du Zarkumendegin. Eta bere lana eskertzeko, omenaldia egingo diote, partidua hasi baino lehen, 15:45etan hasiko den ekitaldian. Hori horrela, deialdi berezia luzatu die taldeak, zaleei eta herritarrei, zelaira gerturatu eta kapitainak taldean egin duen ibilbidea errekonozitzeko.
«Gazte tokatu zitzaion besokoaren ardura hartzea, eta orain, behetik datozen gazteei lekua egiteko, futbola uztea erabaki du. Ez du inoiz ahotsa altxatu behar izan, errespetatua izateko. Errespetu hori lortu du, egunerokoan eredu izaten. Klubeko ordezkari paregabea izan da zelaian eta zelaitik kanpo, eta klubak transmititu nahi izan dituen baloreak islatu ditu berak», nabarmendu du Mundarrok.
«Horregatik eta gehiagogatik», Mikel Gartziarenak «merezi duen» omenaldira azaltzea eskatu die astigartarrei, talde moreak.