Atsolorra izaten zen auzoan haur bat jaiotakoan amari eta jaio berriari egiten zitzaien bisita, ospakizuna, merienda... «Emakumeen elkartasun adierazpena zen; haurra jaiotakoan auzoko emakumeek amari eta haurrari babesa eta laguntza adierazteko modua», Ereñotzuko?Auzo Udaletik azaldu duten moduan.
Orain zortzi urte berreskuratu zuten ohitura hau Ereñotzun, eta aurtengo ospakizuna bihar egingo dute, 17:30etan hasita. Orain arte guztira 55 haur ingururen atsolorrak egin dira, eta bihar, iaz jaiotako lau haurrei egingo zaie ongietorria; 8garren kintaldia izango da. Horrez gain, azpimarratu nahi izan dute «auzoarekin harremana duten gurasoak ere gonbidatuta daudela beraien seme-alaben atsolorra ospatzera etortzera».
Musika, merienda eta Rosasen dokumentala
Festa irekia egingo dute beraz, biharkoan, 17:30etan hasita. Txalaparta hotsei segika, Idoia Arriola eta Kristiñe Solanorekin kantuan egingo zaie harrera haurrei. Ondoren, Ruben Rosas zinegileak egindako dokumentalaren aurrerapena ikusi ahal izango da. Bertan hartu dute parte auzoko hainbat emakumek, atsolorrari buruzko testigantzak emateko.
Ondoren, merienda egingo da, ohitura jarraituta: gisadua, arroz esnea eta haurren gurasoek eta auzotarrek prestatutako jakiak izango dira.